21-KOEKAINA-KO2024
(c) RFEC
Urrearekin abiatu du Euskadiko Selekzioak bere partaidetza Espainiako Errepide Txapelketetan. Aitor Agirre Egaña gailendu da Galapagarren lehiatu den lasterketan 40’55” denborarekin. Agirrek hirugarren denborarik onena markatu du tarteko puntuan, denborarik onenetik 3 segundutara. Hortik aurrera denbora berreskuratzen hasi da zumaiarra eta helmugan 19 segundu berreskuratu dizkio Alberto Fernandez Reviejo madrildarrari.
Agirreren hitzetan: “Dena perfekto atera zaigu eta irabaztea lortu dugu. Hasieran pixka bat lasaiago joan gara, indarrak neurtzen eta behin tarteko puntua pasata dena eman dut, indar guztiak errepidean utzi ditut txapelketa irabazteko.”
Euskadiko Selekzioaren partaidetzaz gain Elite eta Elite UCI mailako txapelketetan hainbat euskotar aritu dira lehian goizean zehar. Emakumezkoetan Eneritz Vadillo Crespok (LAB) zilarrezko domina eskuratu du 23 urtez azpikoetan 47’12” denborarekin, 9. absolutua izanda. Gizonezkoetan Markel Beloki Fernandez (EF1) iaz Euskadiko Selekzioaren junior mailako txapelketa eskuratu ostean gaur zilarrezko domina jantzi du profesionalen artean 39’05” denborarekin.