05-KOMARTXOA-KO2026
(c) ETxF
Urtarrilean pistako eta ziklo-kroseko estatuko txapelketak asteburu berdinean lehiatu ostean Euskadiko Selekzioa berriz ere martxan da DHI -ko txapelketak lehiatzeko. Sant Andreu de la Barcak (Catalunya) hartuko ditu txapelketa hauek. Zirkuituak 1200 metroko luzera izango du, 170 metroko desnibel negatiboarekin eta 8 kontrol puntu izango dira. Aurreko edizioetako zirkuituekin alderatuta aurtengoak ez du hainbeste penditza izango, pedalei gehiago eragin beharko zaie. Lasterketak igandean izango diren arren larunbatean entrenamendu saio ofizialak izango dituzte txirrindulariek. Igandean sailkapen jaitsiera goizeko 9h00tatik 11h30tara egingo da eta jarraian, 12h00tatik aurrera finala lehiatuko da dominak definitzeko.
Euskadiko Selekzioa Catalunyara bost txirrindularirekin joango da: Arkaitz Gonzalez Gutierrez (Betibehera, 2007), Martin Larruzea Zulueta (Occident Miribilla, 2010), Pello Lazkoz Amillano (Betibehera, 2007), Paul Mendizabal Garate (JRG Urkia, 2008) eta Danel Mugarza Gaztelu (Occident Miribilla, 2009). Jon Sarasua Agirre hautatzailearen hitzetan selekzioak “oinak lurrean izanda baina helburu garrantzitsuekin” doa Catalunyara. “Kadete mailan Martin Larruzeak maila ona erakutsi du eta top10aren borrokan izatea espero dugu. Junior mailan Paul Mendizabalek esperientzia badu iaztik, Danel Mugarzak aldiz debuta izango du, hala ere biek top15aren aukerak dituzte. Maila gorenean, 23 urtez azpikoenean, Arkaitz Gonzalezek lehenengo urtea du kategorian eta junior mailan erakutsitako hazkunde onarekin jarraitzea espero dugu. Pello Lazkoz lehen aldiz Euskadiko Selekzioarekin arituko da Nafarroako Selekzioarekin hainbatetan emaitza bikainak lortu ostean. Podiumerako esperantzak ditugu berarekin, zortea alde izanda espero dugu emaitzak alde izatea.”
Oro har hautatzailearen helburua iaz hasitako lanari jarraipena ematea izango da, XCO selekzioarekin bezala DHI selekzioarekin baita. Horretarako positiboa da bi txapelketak data ezberdinetan egitea, bakoitzari dagokion lanketa bideratzeko. DHI -ko sasoia hasi berria da eta txirrindulari batzuk txapelketetan bertan izango dute lehenengo lasterketa. “Dena dela, epe luzerako lanean ari garenez emandako pausu bakoitzak etorkizunean izango du isla.”
FEDERAZIOA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
BTT