12-KOURTARRILA-KO2026
(c) ETxF
Esfortzu bikainaren ostean emaitza oso positiboekin itxi dute asteburua Euskadiko Selekzioko kideek. Bi frontetan banatuta Mallorca eta Tarancon artean euskaldunek dominak lortu dituzte bi modalitateetan eta sentsazio bikainak utzi dituzte etorkizunean lanean jarraitzeko. Ostiralean zuen lehenengo hitzordua selekzioak Taranconeko Riansareseko zirkuituan talde-errelebo proban. Irteera ona egin ostean podiumaren lehian izan zen Euskadiko seikotea eta azken itzulira arte brontzezko dominaren borrokan izan zen azken errelebo emailea, Diego Ruiz de Arkaute Diaz de Alda. Azkenean Euskadiko Selekzioa laugarren sailkatu zen, brontzetik 22 segundutara.
Larunbatean bakarkako lasterketak hasi ziren Taranconen. Kadete nesketan Noa Vega Bilbaok iaz lortutako urrea errepikatzea zuen helburua. Hala ere, aurtengo Taranconeko zirkuituak ez zuen parekorik iaz As Pontesen izandakoarekin eta oso lasterketa berdinduta ikusi zen lau itzulietan. Sei txirrindulari iritsi ziren azken sprintera elkarrekin eta Noa Vegak azkar jon bazuen ere Jana Freixas Suy (CAT) azkarragoa izan zen eta zilarrarekin geratu zen gorliztarra. June del Teso Olaizola, Euskadiko txapelduna, seikote hori ixten helmugaratu zen seigarren postua eskuratuz. Kadete mutiletan taldearen esperientzia urria nabaritu zen eta Amets Fernandez Barado izan zen onena, hamalaugarren postuan, garailetik 1’16” -ra. Bigarren eguna 23 urtez azpiko gizonezkoek itxi zuten eta bertan Unax Galan Cortazarrek lasterketa ona burutu zuen. Galanek lehen itzulitik dominen lehian sartzea lortu zuen. Lehen bi postuek azkar alde egin bazuten ere Galanek indarrak ondo neurtu zituen eta azken itzulietara indar nahikoekin iritsi zen tarteari eusteko eta brontzezko domina bereganatzeko.
Igandean izan zuen Euskadiko Selekzioak lorpenik ederrena ziklo-krosean Mirari Gotxi Olartekoetxearen garaipenarekin. Amurriorra hautagai nagusia izan gabe zirkuitua hoztuta izatea baliatu zuen. Izotzak partaide guztien erorikoak eragin zituen eta Mirari hasieran erori bazen ere atzetik aurrerako bidea egin zuen eta azken bi itzulietara lasterketa buruan iritsi zen. Lasterketa jokoan bere bi aurkariak erori egin dira eta Mirari bakarrik geratu da lasterketa buruan azken itzuli osoa bakarrik egiteko eta garaipen gozoaz gozatzeko. Junior mutiletan euskaldun onena Aner Irizar Rodriguez izan da. Irizar ahalegindu bada ere dominen lehian sartzen puntako txirrindularien erritmoa gehiegizkoa izan da zumarragarrarentzat eta zortzigarren postuan amaitu du. Open emakumezkoetan Irati Aranguren Carbaiedak profesional lizentzia Euskadiko Selekzioarekin estreinatu du eta mailan bere lehen urtean itxura bikaina eskaini du. Eliteen lehia alde batera utziz 23 urtez azpikoen podiumari begira atera da usurbildarra. Hasieratik ordea ez ditu sentsazio onenak topatu eta lasterketaren zati handi bat brontzearen taldetxoan izan bada ere azken itzulian atzerago geratu da Irati eta bosgarren postuarekin amaitu du, 10. postua scratchean.
Mallorcan dominak eskuratu ditu baita Euskadiko Selekzioak. Larunbateko Omniumean Maialen Narbona Bilbaok brontzea eskuratu zuen junior nesketan. Narbonak laugarren postuak lortu zituen Scratchean eta Tenpoan eta Kanporaketan lortutako hirugarren postuarekin aukera guztiak zituen Puntuaketara iristean. Puntuaketan ordea ez zuen zortea alde izan eta zortzi puntu besterik ez pilatuta brontzearekin konformatu behar izan zen. Kadete mutiletan Xabat Martin Mariezkurrenak huts egin zuen Scratchean eta gero hurrengo bi probetan berriz ere lehian sartu bazen ere indarrik gabe iritsi zen Puntuaketara eta laugarren amaitu zuen. Junior mutiletan eta kadete nesketan euskaldunek ez zuten lortu Omniumean protagonistak izatea. Kadete nesketan Laia Sagarduy Erzilla onena izan zazpigarren eta junior mutiletan Urko Nazabal Elola izan zen onena, hamahirugarren.
Txapelketak ixteko Madison lasterketak eta bertan kadete mutilek lortu zuten emaitza onena urrea bereganatuta. Daniel Diaz Bejaranok eta Xabat Martin Mariezkurrenak lasterketa bikaina burutu zuten uneoro lehian mantenduta. Azken sprintera lider eta irabazteko aukerekin iritsi zen Diaz-Martin bikotea eta Xabat Martinek atzetik jotako eraso bati esker sprint hura irabazi eta txapeldun bilakatu ziren. Neskak ere lehian sartzea ahalegindu ziren baina sprint bat irabazi arren bosgarren postuarekin konformatu behar izan ziren. Junior mutilen mailan Urko Nazabal Elolak eta Eneko Ugartemendia Parrak osatutako bikoteak bosgarren postuarekin itxi zituen txapelketak.
CICLOCROSS
FEDERAZIOA
PISTA
BTT
BTT
ERREPIDEA