Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EUSKADIKO SELEKZIOAREN UZTA BERRIA, SEI PROFESIONAL BERRIEKIN

20-KOURTARRILA-KO2026

Denboraldi berria hastear dagoenean profesional mailako tropelean Euskadiko Selekzioarekin aritutako sei txirrindulari berri izango dira. Joera berrien isla hartuz, aurten hiru junior eta hiru afizionatu igaro dira maila gorenera.

EUSKADIKO-SELEKZIOAREN-UZTA-BERRIA-SEI-PROFESIONAL-BERRIEKIN

(c) ETxF

Euskadiko Selekzioak urtez-urte aukera ematen die modalitate guztietako txirrindulariei haien gaitasunak garatzeko eta estatuko txapelketekin batera esperientzia pilatzeko hainbat lehiaketetan. Guzti hori Euskal Herri osoko klubek eta taldeek egindako lanaren ondorio da eta eskola bakoitzean ureztatzen hasten den lorak, bidea egiten duenean, profesional mailan loratzen da. Ohiko zenbakietan mugituta, baina berritasun nabarmenarekin, aurten Euskadiko Selekziotik pasatako sei txirrindulari berri izango dira UCI mailako tropelean, bost gizonezko eta emakumezko bat. Berritasun handiena bada horien artean dagoeneko erdia junior mailatik zuzenean pasatako txirrindulariak izango direla. Horrek junior mailako Euskadiko Selekzioarekin indarrak biderkatzearen beharra nabarmentzen du, 23 urtez azpikoko selekzioaren lanketa ahaztu gabe.

 

Irati Aranguren Carbaieda, Markel Aranaz Seko eta Eñaut Urkaregi Sanz juniorretatik UCI mailako taldeetara igaroko dira. Aranguren Euskadi Fundazioak hauspotutako Laboral Kutxa-Euskadi UCI ProTeam mailako taldera igaroko da, Aranaz eta Urkaregi aldiz World Tour mailako garapen talde banara igaroko dira. Aranazen kasuan Movistar Team Academy talde berria izango da bere “etxe” berria eta Urkaregiren kasuan Lidl-Trek taldearen development saila izango da lehia plaza berria. Jauzi hau Euskadiko Selekzioak lagundutako bidean eta batez ere haien harrobi eskolek egindako lanari esker. Irati Arangurenek Andoaingo Txirrindularitza Eskolan aritu da, Markel Aranaz Urdaibaiko Txirrindularitza Eskola eta Baque-Movistar taldeetan izan da kadeteetan eta juniorretan eta Eñaut Urkaregi Danena Txirrindularitza Eskolan egin ditu kadete eta junior mailako lau urteak. Euskadiko Selekzioarekin hiruek emaitza bikainak lortu dituzte errepidean, pistan eta ziklo-krosean. Irati Arangurenek zilarrezko dominak lortu zituen 2025ean ziklo-krosean eta errepideko iraupen proban. Aurreko urteetan baita zilarrezko eta brontzezko hainbat domin eskuratu ditu usurbildarrak. Aranazek ziklo-krosean eta errepidean top10ak lortu ditu estatuko txapelketetan eta hainbat hitzorduetako deialdien kide izan da eta Urkaregik 2025ean urrezko zazpi domin lortu zituen pista txapelketetan eta zilarrezko domina jantzi zuen errepideko iraupen proban.

 

Juniorren joera berriarekin batera 23 urtez azpikoek bidea egiten jarraitzen dute profesional mailaruntz. Aurten Yago Agirre Subijanak, Gorka Corres Ibañez de Opakua eta Gari Ugarte Larreak egingo dute profesionaletarako jauzia. Yago Agirrek ekainean 23 urtez azpiko estatuko txapelketa bereganatu zuen erakustaldia eskainita eta horri esker Euskadi Fundazioa taldetik Euskaltel-Euskadi taldera igaroko da. Nabarmendu Agirrek 2022an dagoeneko estatuko txapelketa irabazi zuela junior mailan selekzioarekin. Gorka Corres Ibañez de Opakuak aurten euskal egutegian hainbat garaipen lortu eta gero Caja Rural-Alea taldetik Caja Rural-Seguros RGA talderako bidea egingo du. Corresek ibilbide luzea egin du Euskadiko Selekzioarekin eta ziklo-krosean une gogoangarriak utzi ditu, tartean junior mailako estatuko txapelketa 2023an edota etxean, Amurrion, lortutako podiuma 23 urtez azpikoen mailan. Gari Ugartek Agirreren bide berdina jarraituko du Euskadi Fundaziotik Euskaltel-Euskadira igarota bi urte afizionatuetan aritu ostean.