19-KOMAIATZA-KO2024
(c) Martin Early
Aurten Euskadiko Selekzioa maila ezberdinetan osatzen duten txirrindulariak jaio zirenean euskal talde bat txirrindularitzaren maila gorenean zegoen. Duela 20 urte ProTour mailako edozein lasterketan Euskaltel-Euskadiren maillot laranja izaera borrokalariarekin lotzen zen eta ihesaldietan presentzia bermatuta zegoen. Garai horren oinorde dira Euskadiko Selekzioa ordezkatzen duten txirrindulariak eta pausu horiek errepikatzeko bidean jarrera bikaina erakutsi dute denek gaur Lizarran.
Irteera erreala eman denetik tropel buruko eraso saiakera guztien buru izan dira euskaldunak. Eñaut Urkaregi Sanzek eta Aimar Fernandez de Gorostiza Mitxelenak ihesaldiaren bila joateko apostua egin dute baina 25. kilometroaren inguruan, eguneko lehenengo mendatearen igoeran lasterketa gelditu behar izan dute aurretik egondako eroriko batzuengatik. Berriz ere martxan eta behin mendatea gaindituta, Lizarrara bueltan eraso festak jarraitu du eta uneoro jarraitu dute hor Euskadiko Selekzioaren ordezkariak ihesaldiaren bila. Ia 60 kilometro behar izan dira ihesaldia osatzeko baina azkenean, Euskadiren kemenari esker Ander Otegi Ariztimuñoren eraso batek emaitza izan du eta zegamarra beste lau txirrindularirekin tartea ireki du.
Tartea mantendu dute Grozingo mendatera arte baina igoeran Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (ALB) jarritako erritmoa ihesaldia irentsi du. Hurrengo mendatera bidean beste talde bat sortu da lasterekta buruan Euskadiko Selekzioaren ordezkaritzarik gabe, bai ordea Bizkaiko Selekzioarena Ander Duñabeitia Aldazabali esker. Lezaungo mendatean gora Oskitx Egiguren Santamaria saiatu da ihesaldia harrapatzen baina metro gutxitara geratu da. Lezaun gaindituta, malda beheran Urkaregi eta Iker Colmenero Larrakoetxea saiatu dira aurrera egiten baina lasterketa dagoeneko erabakita zegoen ihesaldiko txirrindularien alde. Eguneko azkeneko mendatean Igor Iriarte Sanzek igoera bikaina burutu du eta tropeleko onenekin gaina harrapatzea lortu du igoera erdia bakarrik egin ostean.
Tropelean sartuta, top10aren lehian Iker Colmenero Larrakoetxea izan da Euskadiko Selekzioaren lehen txirrindularia helmuga zortzigarren postuan, tropeleko bigarrena izanik. Tropel berdinean sartu dira Iriarte, Egiguren eta Urkaregi; Iker Gomez txapeldunetik minutu pasatxora.