Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

PROTAGONISMO ALDAGARRIA DENBORALDIKO LEHENENGO HILABETEAN

18-KOMARTXOA-KO2026

Euskaldun Txapelketen lehenengo lehiaketa hilabetean protagonista ugari izan dira. Gizonezkoen txapelketan lehiatutako lau probetan lau taldek irabazi dute, emakumezkoetan aldiz Eulen-Amenabar taldeak menderatu du afizionatu maila.

PROTAGONISMO-ALDAGARRIA-DENBORALDIKO-LEHENENGO-HILABETEAN

Gorlara Igoera (c) Biziklik.eus/Yon Suinaga

Neguaren erpin guztiak ezagutu ditu euskal tropelak lehiaketaren lehenengo hilabetean. Oreretako goiz hotz baina eguzkitsutik Berriatuako etengabeko euri jasara. Oreretako Ane Santesteban Sarian hasiera eman zioten emakumezkoen aurtengo lehiari. Kadeteetan Julia Cabada Pedraza (CLE) gailendu zen. Afizionatu mailan Eulen-Amenabarreko Claudia San Justo Manteconek besoak altxatu zituen eguneko ihesaldia ona eginda. San Justok lasterketa erdialdera ihes egindako zortzikotearen sprinta irabazi zuen. Junior mailan Naxara Odriozola Lekuona (MIR) garaile izan zen.

Hurrengo asteburuan gizonezkoen txapelketa hasi zen Zumaia Sarian. Abiadura izan zen protagonista nagusia Zumaiako ibilbide azkarrean. Saiakerak uneorokoak izan baziren ere ez zen ihes egiteko eta tarte nabarmenik lortzeko gai izan zen talderik izan eta dena sprintera bideratu zen. Helmugarako 400 metroren faltan izandako eroriko batek hogei bat txirrindulari aurrean utzi zituen 10 metrotako abantailarekin. Erorikoan galdutako tarteari beldurrik ez eta Haritz Felix Azurmendik Dañobeitia (EIS) sprint luze eta ikaragarri bat egin zuen tartea berreskuratuz eta 20 txirrindulariak aurreratzeko txokoa bilatuta garaipena eskuratu zuen bizkaitarrak. Zumaiako ibilbide lauak Ereñoko Udala Sari Nagusia izan zuen jarraian, ibilbide oso gogor eta exijentearekin. Aurreikusitako ikuskizuna bertan behera geratu zen hirugarren kilometroan egondako eroriko erraldoi baten ostean. Erorikoak hainbat txirrindulari ospitalera eraman behar izatea derrigortu zuen, lasterketa neutralizatuz. Berriz ere martxan jartzean beste eroriko batek Omako auzoan berriz ere neutralizatzera derrigortu zuen. Azkenean 32 kilometro eskasetako lasterketa lehiatu zen besterik ez. Natxituako mendatea, azken lau kilometrotan, erabakigarria izan zen. Aimar Galdos Alonsok (EUF) lasterketa buruan bakarrik mendatea hasi bazuen ere talde nagusiaren joak ermuarra neutralizatu zuen ia-ia gainean. Azken bi kilometroetan lasterketa buruko txirrindulariak elkarren artean begiratzen ari zirenean Unax Otegi Arrizubietak (SML) lehenengo eta Asier Arteaga Arzallusek (EUL) bigarren aurrera egiteko baliatu zuten. Bikoteak bidea egin zuen helmugara arte eta sprintean lehenengo urteko Unax Otegik lortu zuen garaipena.

Hurrengo egunean Emakumezkoen Euskadiko Txapelketa lehiatzerakin batera Segurako Emakumeen Sarian Euskaldun Txapelketako bigarren proba lehiatu zen. Kadeteetan Noa Vega Bilbao (BAQ) izan zen garailea eta txapelduna. Afizionatu mailan Eulen-Amenabarreko Maite Urteaga Sorazuk eta Claudia San Justo Manteconek erakustaldia eman zuten garaipena eta txapelketa eskuratzeaz gain San Justoren lidergoa indartzeko baliatu zuten. Junior mailan garailea eta txapelduna Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) izan zen.

 

Azken asteburuak irudi gogoangarriak utzi ditu gizonezkoen txapelketan. Berriatuako San Gregorio Sariak urteroko erromeria ekarri zuen “mila-kurbetako” errepidera. Ondarroa eta Lekeitio arteko tarteak eta etengabeko euri zaparradak lasterketa hasieratik zinez gogorra izatea eragin zuen. Lehenengo ihesaldian Ibai Irisarri Arzuaga (EUF) eta Adur Arrizabalaga Begirisitain aritu ziren eta hauek harrapatuta beste boskote batek ihes egin zuen. Minutuko errenta lortu bazuten ere Lekoitz-Ganeko maldetan Finisher taldearen erritmoak ihesaldia neutralizatzea eragin zuen. Mendatean jaitsiera teknikoan lasterketa mila zatitan apurtu egin zen eta ziztu bizian joan ziren txirrindulariak Lekeitioraino, azken mendatea, Mendexa, igotzeko. Mendexan gora lehenengo Asier Castilla Pikaza (EUF) eta Iker Soriano Garcia (NTG) erasora pasas ziren. Soriano tontorrera bakarrik iritsi bazen ere “mila-kurbetako” azken zeharkaldian jarraitzaileek harrapatu zuten eta zortzikote batek jokatu zuen garaipena. Alain Suarez Fernandezek (EUF) besoak altxatu zituen bihotzekoa jotzeko moduko sprint batean.

 

Lehiatutako azken lasterketa Gorlara Igoera historikoa izan da. Euskaldun Txapelketako hitzordurik entzutetsuena partaidetza bikaina izan zuen. Hasierako kilometroetan Kepa Ormazabal Galdosek (EUF) protagonismoa bereganatu zuen eta Gorlako tontorreraino iraun zuen bakarrik. Atzetik Finisherrek erritmoa jarri zuen lehenengo igoeran. Jaitsieran eta hurrengo bi mendateetan -Azkarate eta Asentzio- lasterketa gogortzen jarraitu zen. Asentzioko jaitsiera amaieran hiru txirrindularik alde egin zuten eta Gorlara Igoera 5-10 segundutako errentarekin hasi ziren. Lehenengo maldetatik Aimar Tadeo Arcauzek (COR) bere erritmoa bilatu zuen errenta txiki hori baliatzeko. Kronoigoera bat bailitzan bidea egiten hasi zen gazte naparra eta atzetik inor ez zen gai izan berau harrapatzeko. Tarteak gora egiten zuen mendatearekin batera eta sorpresa harrigarri bat emanda Tadeo garaile iritsi zen Gorlara. Podiuma Iker Perez Lucasek (CJA) eta Pedri Crausek (NTG) osatu zuten. Laugarren postuan Vetle Torin Eskedal (EUL) helmugaratu zen eta Euskaldun Txapelketako lider berria da.