08-KOMARTXOA-KO2026
(c) ETxF
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna kirolean ere aldarrikatzeko Euskadiko Emakumezkoen Txapelketak arreta hartu du gaur kirol egutegian. Seguran lehiatutako txapelketak, Euskaldun Txapelketaren baitan, bi lasterketa zirraragarri eta lau txapeldun izan ditu. Kadete mailako lasterketan 68 txirrindularik parte hartu dute. Lehenengo kilometroan Baque-Movistar taldeko Uxue Santana Ibañezek erasoa jo du eta atzetik etorritako Ainhoa Plaza Amozarrainekin (IGA) batera lasterketa erdia ihesean egin dute. Gabiriarako igoeran Ainhoa Plazak bakarrik alde egin du tropela geroz eta hurbilago sentitzen zutelakoan. Azken 10 kilometroetan harrapatu du tropelak Plaza eta jarraian Santanaren beste bi erasoaldi etorri dira. Tropelak orduan ez du tarterik onartu eta Zeraingo maldetara denak batera iritsi dira. Zerainen gora Noa Vega Bilbaok (BAQ) erritmoa markatu du eta lasterketa burua murriztu du . Azken kilometroetan sei txirrindulari nabarmendu dira eta sprintean Noa Vega izan zen azkarrena, Regina Gonzalez Somarribaren (OPG) eta Malen Yurrita Blancoren (ZKL) aurretik.
Bigarren lasterketan elite, 23 urtez azpiko eta junior mailetako txapelketak definitu dira. Hasierako kilometro bizien ostean Lierniako mendatearen lehenengo igoeran erabaki da lasterketa. Tontorrera iristear zirenean Maite Urteaga Sorazuk (EUL) erasoa jo du eta malda behera tartea ireki du Claudia San Justo Mantecon taldekidearekin batera. Hurrengo kilometroetan tropela txikitu bada ere eta talde guztien erreakzioa izan bada ere Eulen-Amenabar taldeko bikotearen errenta gora eta gora egiten hasi da. Vipeq taldea tiraka hasi bada ere Lierniko bigarren igoeran diferentziak bi minutuko langa gainditu du. Malda gora Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) ahalegindu da ihes egiten junior mailakoen txapelketaren borrokan. Zubeldiak ez du lortu ihes egitea eta behin zarauztarra neutralizatuta geldialdia egon da. Azken itzulian lasterketa buruaren errentak goia jo du 4’10” -ko tartearekin. Helmugan Maite Urteaga izan da lehena, txapelketa bereganatuz eta San Justo bigarrena Euskaldun Txapelketako lidergoan sendotuz. Hiru minutu geroago sartu dira tropeleko lehenengo txirrindulariak eta sprintean Izaro Etxarri Aranburuk (EUT) 23 urtez azpikoen txapelketa bereganatu du. Junior mailan Ane Zubedlia Peñagarikano (JRG) izan da onena, laugarren postua lortuta scratchean.
FEDERAZIOA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA