Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

AROA GOROSTIZA ULLOAK IRABAZI DU LEA ARTIBAI TXALLENGEA

29-KOMARTXOA-KO2026

Elorrioarrak sailkapen nagusian garaipena lortu du bigarren etapan burututako mugimendu estrategiko bati esker. Kadete mailan Noan Vega Bilbaok (BAQ) erlojupekoan lortutako errenta baliatu du garaipena baliatzeko.

AROA-GOROSTIZA-ULLOAK-IRABAZI-DU-LEA-ARTIBAI-TXALLENGEA

(c) ETxF

Seigarren aldiz Lea-Artibai Txallengea emakumezkoen txirrindularitzak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzeko hitzordu ezinbestekoa izan da. Asteburuan lehiatutako hiru lasterketek emozioa eta mugimendu oso interesgarriak izan dituzte. Lekeitioko atariko probak ireki zuen beste behin ere txallengea. Bertan Maite Urteaga Sorazuk (EUL) bere forma momentu ona aldarrikatu egin zuen eta malda goran soilik ez, erlojuaren aurka errenta irekitzen hasiz. Melanie Dupin (TRY), Alejandra Neira Dominguez (BAQ; juniorra) eta Aroa Gorostiza Ulloa (EUL) hamar segundu baino gutxiagora geratu ziren. Kadete mailan Noa Vega Bilbao (BAQ) izan zen azkarrena, hamalaugarren sailkatuz absolutuan eta zazpi segundutako tartea irekita bigarren sailkatuarekiko, Ana Lospitao Gonzalez (EGM). Bigarren etapan lasterketaren ikur bilakatu den “mila-kurbetako errepidea” Lekeitio eta Ondarroa artean giltzarri izan zen. Kadete mailan Mirat taldeak bikain jokatu zuen hainbat aukera baliatuz eta hainbat eraso proposatuz. Mila kurbetan lasterketa hautsi egin zen eta hamabost txirrindulariek lehiatu zuten sprintean Vega Iglesias Diaz (MIR) izan zen azkarrena.

 

Afizionatuek eta juniorrek hiru mendate puntuagarri eta mila kurbetako bi zeharkaldi izan zituzten. Hasierako kilometroetan Kateryna Velychko (PFG) saiatu bazen ere mila kurbetara tropela elkarrekin eta oso luzatuta iritsi zen. Orduan iritsi egin zen Massi taldearen oldarraldia eta Kantauri Itsasoa lekuko zela Laia Puigdefabregas Arizek (MAS), Ainhoa Sanz Montalvok (VPQ) eta Naya Mangas Etxebestek (EUL) alde egin zuten. Berriatuatik pasatzean tropelean Baque oso indartsu tiraka ari zela eta errentak gora egiten ez zuela ikustean Laia Puigdefabregasek bakarkako bideari ekin zion ihesaldia bizirik mantentzeko. Gardatako mendatean tropela begibistan izan zuen txirrindulari naparra baina mendatearen jaitsierak eta zuzenean mila kurbetara sartzeak errenta berriz ere gora joatea eragin zuen. Atzean liderraren taldeak erreakzionatu zuen eta Aroa Gorostiza Ulloak (EUL), Adele Normand (MAS) eta Natalia Vasquez (ENE) bidea egin zuten. Puigdefabregasek bikain menderatu zituen kostako gora beherak eta inorrek ez zitzaion hurbildu helmugan 10 segundutako errentarekin sartuz etapa garaile gisa. Normandek eta Gorostizak kontraerasoa mantenduta eguneko podiuma osatu zuten eta horrenbestez Aroa Gorostizak jantzi zuen liderraren maillota.

 

Azken etapan Markina-Xemeinen Merelludiko eta Gontzagariganeko mendateek etapa erreginaren profila markatuko zuten. Kadete mailan Gontzagariganeko igoerak tropela guztiz txikitu zuen. Tontorrean Noa Vega Bilbao (BAQ) liderra, June del Teso Olaizola (JRG), Malen Yurrita Blanco (ZKL) eta Gisela Herrero Herrero (MIR) nabarmendu ziren. Malda behera Vegak erasoa jotzean 10 segundutako tartea izateraino iritsi bazen ere hirukoteak errenta berreskuratzea lortu zuen eta sprintean Gisela Herrero gailendu zen. Noa Vega Bilbaok maila ona erakutsita sailkapen nagusia bereganatu zuen. Afizionatuen eta juniorren lasterketan Massi eta Eulen-Amenabar taldeen aurkako guda espero zen. Gontzagariganeko lehenengo igoera hastean hiru txirrindulari alde eginda zeuden: Adele Normand (MAS), Goretti Sesma Bozal (VPQ) eta Natalia Vasquez (ENE). Orduan Eulen-Amenabarrek erreakzionatu zuen eta Maite Urteaga Sorazuren erasoa etorri zen lasterketa burua harrapatzeko. Gainara iristean zortzikote bat osatu zen lasterketa buruan tartean Aroa Gorostiza Ulloa (EUL) liderra eta junior mailako liderra Alejandra Neira Dominguez (BAQ). Bigarren itzulian lasterketa burua tartea mantentzeko lanean aritu zen atzean Massi Baix Ter eta Eneicat taldeek errenta txikitzeko lana egiten zuten bitartean. Azken 20 kilometroetan tropelean geldialdia izan zen eta zortzikotearen errentak gora egin zuen. Gontzagariganeko bigarren igoeran ihesitako txirrindularien artean nolabaiteko bake akordioa izan zen eta erasorik gabe iritsi ziren gainera. Helmugara bidean sailkapen nagusiko garaipena Aroa Gorostizak ziurtatuta zuela sprinta prestatzen hasi ziren txirrindulariak. Melanie Dupin (TRY) izan zen azkarrena Markina-Xemeingo helmugan azken bihurgunean aurrean sartu ondoren. Sailkapen nagusian Aroa Gorostiza Ulloak (EUL) garaipena ziurtatu zuen eta bere taldekidea Maite Urteaga Sorazu izan zen bigarrena. Alejandra Neira Dominguez (BAQ) podiuma osatzeaz gain junior onena izan zen.