02-KOUZTAILA-KO2024
(c) Martin Early / ETXF
Erronka handiari aurre egiteko asteetan egon da lanean Euskadiko Selekzioa eta lau egunetan ikusiko da ea lan horrek etekinik duen. Ostegunean abiatuko dira aurtengo junior, kadete eta infantil mailetako estatuko txapelketak Avilesen (Asturies). Ostegun arratsaldean bertan erlojuaren aurkako lasterketak ospatuko dira, taldekakoak eta bakarkakoak. Ateratzen lehenengoak kadete neskak eta mutilak izango dira taldekako erlojupekoan, 15h00retan. Jarraian egokituen eskolarteko txapelketa lehiatuko da eta 16h00tatik aurrera kadeteen bakarkako erlojupekoa lehiatuko da. Arratsaldea amaitzeko junior nesken eta mutilen bakarkako erlojupekoen txanda izango da 19,5 kilometrotako ibilbidean.
Ostiralean eskolartekoen errepide probak izango dira. Goizean kadete neskek hasiko dute jardunaldia 10h00etatik aurrera 51,7 kilometrotako ibilbidean. Neskak amaitu eta gero kadete mutilen irteera izango da 12h00etan, 60 kilometro betetzeko. Bi lasterketak igoera laburretaz josita egongo dira eta 10. kilometrotik aurrera lasterketa apurtzen joango da. Arratsaldean infantilen errepide probak ospatuko dira 17h30tatik aurrera. Irtetzen lehenengoak neskak izango dira 13,3 kilometro betetzeko eta ondoren mutilek 19,6 kilometro bete beharko dituzte 18h45tatik aurrera.
Larunbat goizean txapelketak Castrillongo herrira mugituko dira XCO infantilen eta kadeteen lasterketak lehiatzeko. Castrillongo zirkuituak 2,2 kilometro izango ditu eta infantilek ordubete inguruko lehia izango duten bitartean kadeteek ordu erdi inguru ibiliko dira borrokan txapelketa erabakitzeko. Infantil neskak 9h30tan irtengo dira eta mutilak 10h30retan. Kadete neskek aldiz 11h30tan izango dute abiada eta mutilek 12h45tetan. Larunbat arratsaldean, 17h30etan, infantilen gynkana ospatuko da Avileseko Niemeyer Gunearen inguruan.
Igandean amaituko dira txapelketak juniorren lasterketekin. Goizean goiz abiatuko dira junior neskak, 8h30tatik aurrera 83 kilometro burutzeko. Jarraian 11h15etan junior mutilek 135,9 kilometro gainditu beharko dituzte. Kadeteen ibilbideko ildo berdina izango dute juniorren ibilbideek, maldaz josita eta oso goiz apurtuko den tropelarekin.
EUSKADIKO SELEKZIOA