Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

IHESALDIA TXAPELDUN

04-KOEKAINA-KO2024

Junior mutilen mailako Euskadiko Txapelketa 11. kilometroan osatutako ihesaldi batek eskuratu zuen. Oskitx Egiguren Santamaria (BAQ) lortu zuen txapela bakarrik helmugaratuta Zegamara.

IHESALDIA-TXAPELDUN

(c) Martin Early

Nafarroa Klasikoan junior mutilen mailako Euskadiko Selekzioak aldarrikatu zuen euskal txirrindulari sena ihesaldien bila joatean. Horrela ikasi zuten gaur egungo gazteek duela 20 urte talde laranja kirol honen gorenean ikusten. Telebistan ikasitakoa praktika eramanda larunbatean Euskadiko Txapelketan bizi-bizi atera ziren hainbat talde ihesaldia osatzeko helburuarekin lehenengo kilometroetan. Lan horretan protagonismo handia hartu zuten AMPO taldeko etxeko txirrindulariek. Zegamako pasaeran, 11. kilometroan, seikote bat osatu zen lasterketa buruan AMPO taldeko Ander Otegi Ariztimuñorekin eta Kepa Ormazabal Galdosekin, Alimco taldeko Iñigo Uria Cuadrarekin, Invitec taldeko Arkaitz Suso Arakamrekin, Baque taldeko Oskitx Egiguren Santamariarekin eta Iruki taldeko Unax Betelu Menciarekin.

Sei txirrindulariek azkar batean ireki zuten tartea eguneko lehenengo igoeraren bila. Liernin gora Suso ihesalditik geratu zen eta Alimco taldea tropelean indartsu jarri zen eta diferentzia behera eraman zuten arren aurrekoen kemenak lortu zuen ihesaldia bizirik irautea. Horrela izan zen Lierniko hurrengo bi igoeretan ere, ez ordea hirugarren Lierniko jaitsieran. Bertan tropeletik kontraeraso talde garrantzitsu bat osatu zen izen nabarmenekin. Boskote horretan zeuden: Marco Martin Cuevas (BAQ), Hodei Muñoz Gabiña, (ALI), Eneko Olveira Rodrigo (JRG), Ekhi Uriarte Leizea (ALI) eta Eñaut Urkaregi Sanz (GTO). Boskote hau azkar hasi zen ihesaldiak zituen 2 minutuak berreskuratzen Barbariko igoeraren hasieran. Barbarin gora kontraeraso taldetik Martin eta Muñoz bakarrik geratu ziren ihesaldiko boskotea elkarrekin mantentzen zen bitartean. Barbariko jaitsieran Ander Otegi zegamarra, mila aldiz jaitsiera hori entrenatzen egin ostean, erasoa jo zuen eta Oskitx Egigurenekin batera aurrera egin zuen. Atzetik Ormazabal eta Betelu geratu ziren lotura lanak egiten eta talde nagusian 12 txirrindulari ziren minutu bat baino gehiagoko galerarekin.

 

Barbarira azken igoeran Otegik jaitsieran erakutsitako trebeziari aurreratu zen Oskitx Egiguren eta kilometro t’erdiren faltan erasoa jo zuen bizkaitarrak. Ander Otegi uneoro 15 segundutara mantendu zen arren ezin izan zuen balentria lortu etxean txapeldun izanda eta maillota eta txapela Baque taldeko txirrindulariak eskuratu zituen. Zilarrezko domina zegamarrarentzat izan zen eta Hodei Muñozek itxi zuen podiuma brontzezko dominarekin.