30-KOUZTAILA-KO2025
(c) ETXF
Lehendakari Txapelketako lehenengo lasterketak lehiatuta Sergio Gutierrez Vargas (GOM) da lehen txirrindulari nabarmendua. Txapelketa hasi orduko garaipena lortu eta gero Oroko Andra Mari Sari Nagusian oso erregular mantendu da lehiatutako beste hiru probetan eta lidergoan sendotzea lortu du Gutierrezek. Maillot laranjari dagokionez, Iker Perez Lucasek (CJA) Antzuola Sarian bigarren postua lortu eta gero bereganatu zuen lidergoa eta momentuz ez du erantzi.
Oroko Andra Mari Sari Nagusian Gutierrezek garaipena lortu zuen beroak itotzen zuen arratsalde batean. Eguneko ihesaldiak bidea egin zuen Murgian talde indartsuenen faltagatik. Iheskideek lortutako errenta nahikoa izan zen Oroko maldetan gailentzeko eta bertan Sergio Gutierrez Vargas (GOM) izan zen indartsuena. Hurrengo hitzordua Antzuola Saria izan zen eta iazko ildoari jarraituz Caja Rural-Alea taldearen erakustaldia bizi zuten Debagoieneko errepideek. Deskargako Mendatearen igoera bikoitzan tropela murriztu zen eta Asentzioko Mendatean Caja Rural-Aleako Iker Perez Lucas eta Antonio Gonzalez Torres nabarmendu ziren elkarrekin helmugara iristeko. Antonio Gonzalezek lortu zuen garaipena bere taldekidearen eskutik helduta.
Gatzagako Dorletako Ama Sari Nagusia urteroko hitzordua izan zen txirrindularien zaindaria omentzeko. Ibilbide gogor batean hiru aldiz igo behar zituzten txirrindulariek Gatzagako Mendatea eta Apotzaga Mendatea. Lasterketa osoan zehar nekea pilatzen joan eta gero azken itzulian erabaki zen lasterketa. Gatzagako azken igoerako azken metroetan Gorka Corres Ibañez de Opakuak (CJA) eraso gogor bat jo zuen eta Arlaban behera irekita errentari esker besoak altxatzeko aukera izan zuen Gatzagako helmugan. Lehiatutako azken lasterketa Oiartzungo Xanisteban Saria izan da. Tradizioarekin betez txapelketako lasterketa exijenteena izan zen berriz ere uneoroko gorabeherekin eta ibilbide oso teknikoarekin. Arpide Bidea mendate puntuagarri bakarra bazen ere exijentzia maila gorena izan zen lasterketa osoan zehar. Arpide Bideko bigarren igoeran zortzikote batek alde egin zuen Caja Rural-Alea taldeko lau txirrindularirekin. Nagusitasun hau baliatu zuten berdeek erasoak bata bestearen atzetik jotzeko eta azkenean Nil Aguilera Jorba (CJA) izan zen bidea egitea lortu zuena. Aguilerak ia minutu bateko errenta izan zuen eta helmugara bakarrik iritsi zen garaipena eskuratuz.
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA