14-KOMAIATZA-KO2024
(c) ETXF
Beti ere ekainean eta uztailean lehiatuko diren estatuko txapelketei begira Euskadiko Selekzioak lanez betetako asteei abiada emango die igande honetan. Junior mutilek izango dute lehen hitzordu garrantzitsua Nafarroa Klasikoan. Maila handiko lasterketa gazte honetan dagoeneko Euskadiko Selekzioak badaki zer den gauzak ondo egitea. Aurreko edizioan Hodei Muñoz Gabiña hirugarren izan baitzen eta 2022an Yago Agirre Subijana laugarren sailkatu zen. Iazko lasterketan izandako selekziotik ez du inork errepikatuko eta beraz Mikel Alonso Oiarbide hautatzaileak lasterketa berak aurkezten duen erronkaz gain, lantalde berri baten katebegi guztiak bideratu beharko ditu.
Urtean zehar euskal txirrindulariek erakutsitako mailak berme handiak ematen ditu. Gehienek UCI mailako esperientzia izan dute lehenengo hilabete hauetan zehar Gipuzkoa Klasikoan, Classique Bernaudeaun edo Catalunyan lehiatutako Gran Premi KH7 -an. Ondorioz selekzio sendoa izatea espero du Alonso hautatzaileak. Bertan izango dira Iker Colmenero Larrakoetxea (Alimco-Campagnolo, 2007); Oskitx Egiguren Santamaria (Baque, 2006); Aimar Fernandez de Gorostiza Mitxelena (IparMaquina, 2007); Igor Iriarte Sanz (Limousin, 2006); Aimar Kintana Castillo (Invitec, 2006); Marco Martin Cuevas (Baque, 2006); Ander Otegi Ariztimuño (Ampo, 2006) eta Eñaut Urkaregi Sanz (Garaje Tolosa, 2007).
Nafarroako Klasikoak 114 kilometro izango ditu Lizarraldean eta Errusia “txikia” bezala ezaguna den Lana Ibarrean. Lau mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek: San Lorenzo, Grozin, Lezaun eta Eraul. Lasterketaren gakoa azken hiru mendateak erabakigarriak izanen diren arren, iaz bezala urrutitik jolasteko aukerak emango ditu ibilbideak. Horrela bilatuko du Euskadiko Selekzioak iaz egindako erakustaldia errepikatzea eta aurten bai garaipena eskuratzea euskal lurretan.