11-KOURTARRILA-KO2025
Noa Vega Bilbao garaile As Ponteseko lakuan. (c) RFEC
Domin sorta ederra eskuratu du Euskadiko Selekzioak gaur goizean As Ponteseko lakuan lehiatu diren estatuko ziklo-kros txapelketetan. Goizean zehar izan diren lasterketa guztietan dominak eskuratu dituzte txirrindulariek bederatzi dominetatik bost bereganatuta. Goiza kadete nesken abiatu dute. Hasieratik argi ikusi da lokatza txapelketetako protagonista izanen zela zirkuitu motel eta gogorrarekin. Bi itzuli besterik ez dituzte behar izan kadete neskek 30 minutuak burutzeko eta helmugan Noa Vega Bilbao gorliztarrak garaipena eskuratu du. Podiumean ere June del Teso Olaizola oiartzuarra izan da hirugarren postuan. Hau zioen Vegak garaipena eskuratzerakoan: “Zirkuitu oso polita izan da, lokatz askorekin eta oso gogorra. Oso pozik nago lortutako emaitzarekin.”
Junior nesken hartu diote erreleboa lehiaketari. Bertan zeuden selekzioaren aukera handienak protagonistak izateko Irati Aranguren Carbaiedarekin eta Maier Olano Arozenarekin. Lehenengo itzulitik Lorena Patiño galizarra aurreratu da eta Irati Aranguren bigarren postua borrokatzen izan da lasterketa guztian zehar. Maier Olanok aldiz irteera txarra izan du eta atzetik aurrerako bidea egiten hasi behar izan du. Lokatzak ederki astindu ditu txirrindulariak eta hiru itzuliren ostean Arangurenek Patiñorengana heldu ez baina bikain defendatu du bere postua eta zilarrezko domina eskuratu du. Hirugarren postuaren lehian Maier Olanok egoera irauli du eta bere aurkari guztiak gainditu ostean brontzezko domina eskuratu du.
Kadete mutilek itxi dute goiza As Pontesen. Irteeran izan den eroriko batek lasterketa baldintzatu du hainbat txirrindulari aukera gabe utziz. Hala ere Euskadiko Selekzioko txirrindulariak ondo kokatu dira eta lehenengo itzulia osatzerakoan Galder Orio Lopez hirugarren postuan zen. Bere atzean Luyando taldeko Mikel Llorente Padura zegoen laugarren postuan eta Aitor Murguzur Diaz de Monasteriogurenek ixten zuen top5a. Galder Orio podiumaren lehian sartuta zilarrezko domina usaintzen izan da lasterketaren zati handi batean baina helmugan ezin izan du bigarrena harrapatu eta hirugarren helmugaratu da. Llorentek laugarren postua eskuratu du, paper bikaina burutuz Euskadiko Selekzioko kidea ez bazen ere.
CICLOCROSS
CICLOCROSS
CICLOCROSS
FEDERAZIOA
CICLOCROSS
CICLOCROSS