28-KOABENDUA-KO2025
Euskadiko txapeldun guztiak podiumean. (c) ETXF / Alex Berastegi
Ziklo-kros goiz ederra gozatu dute ziklo-kroslariek eta zaleek Segurako zelaietan, Aizkorriko begiradapean, Euskadiko Txapelketaren irabazleak eta txapeldunak definitzeko. Goiza Master 40 eta Master 50-60 mailetako txirrindulariek ireki dute lehenengo lau itzuliak emateko. Master 40 mailan Iñaki Carro Meabe (SCB) gailendu da eta Master 50-60 mailan Manu Quintanilla Parente (YUR) izan da azkarrena txapela janzteko. Jarraian kadete mailako lasterketak lehiatu dira. Nesketan Noa Vega Bilbao (BAQ) hautagai nagusiak hartu du lasterketa burua hasieran baina hurbiletik erritmoari heldu dio June del Teso Olaizolak (JRG) eta lau itzulietako perspektibarekin distantzia kontrolatzen eta murrizten hasi da Del Teso. Azken itzulian oiartzuarra lasterketa burura iritsi da eta bakarrik egin ditu azken metroak txapela janzteko. Kadete mutilen mailan lehia bizia izan da lasterketa irabazteagatik. Hasierako itzulietan Enaitz Iraolagoitia Urkizuk (BES) markatu du erritmoan metro gutxi batzuk irekita baina bigarren erditik aurrera Aitor Beloki Blancok (SAL) bere burua aurrera eraman du eta errenta txikiarekin txirrindulari naparrak lasterketa bereganatu du. Lau segundu eskasetara helmugaratu da Telmo Hernandez Totorika (CFO) eta bigarren postu horrekin Euskadiko txapela bereganatu du.
Eguneko hirugarren lasterketak open emakumezkoen eta junior mailako txapelketak erabaki ditu. Open emakumezkoetan Irati Aranguren Carbaiedak (AND) aurkaririk ez du izan eta hasieratik amaierara bitartean bakarrik aritu da lasterketa buruan. Oraindik ere junior bigarren urtean dagoen txirrindularia nagusitasun handiz iritsi da helmugara, bigarren sailkatuari minutu t’erdi aterata. Bigarren postuan Mirari Gotxi Olartekoetxea (BER) sartu da eta horri esker junior mailako txapeldun izendatu da amurrioarra. Junior mutiletan open emakumezkeon gidoi paraleloa idatzi dute txirrindulariek. Hasieratik Aner Irizar Rodriguezek (ALI) tarte zabala ireki du eta inorrek ez dio tartea murrizterik izan emandako sei itzulietan. Jo handiarekin eta teknika finarekin Irizarrek besoak altxatu ditu helmugan biziki hunkituta ospatu duelarik txapelketa.
Azken lasterketan open gizonezkoen eta Master 30 mailetako txapelak definitu dira. Open gizonezkoetan lasterketa oso irekia aurkezten zen hautagai anitzekin. Lehenengo pedalkadetan Unax Galan Cortazarrek (EIM) markatu du erritmoa metro gutxi batzuk irekita. Lehenengo itzulia amaitu aurretik Ismael Esteban Aguerok (LOG) jarraitzaile taldetik erasoa abiatu du eta lasterketa burura iristean bakarrik jarraitu du. Atzetik lokatza diferentziak sortzen hasi da multzo nagusia deseginez. Galan Estebanen joari jarraitzen ahalegindu den arren Kantabriako txirrindulariak beste puntu bat izan du eta bakarrik alde egin du lasterketa osoan zehar helmugan besoak altxatuz eta garaipena eskuratuz. Atzean Euskadiko 23 urtez azpikoen eta Elite mailakoen lehia bizia izan da. Galanek esfortzuak egin ditu bigarren postuari eusteko baina Aitor Hernandez Gutierrezek (ERM) hamarkadetako esperientzia baliatu du postuak berreskuratzen joateko eta helmugan bigarren postuarekin Elite mailako txapela jantzi du. Hirugarren postuari eutsita 23 urtez azpiko txirrindulari onena Unax Galan Cortazar (EIM) izan da eta Master 30 mailan Markel Uriarte Urrutia izan da txapelduna.
FEDERAZIOA
CICLOCROSS
CICLOCROSS
CICLOCROSS
CICLOCROSS
FEDERAZIOA