17-KOABENDUA-KO2024
(c) ETxF
Flandria eta Herbehereetan gabon garaian izaten den ziklo-kros betekadaren parte izateko eta ikasketa egutegiaren atsedena baliatzeko iparralderako bidea hartuko du Euskadiko Selekzioak asteburuan. Larunbatean Hulsten (Herbehereak) izango dira euskaldunak lehian Munduko Kopako bosgarren probaren lehian eta igandean Zonhovenen (Flandria) arituko dira, seigarren proban. Euskadiko Selekzioak bertara bost txirrindulari eramango ditu: Irati Aranguren Carbaieda (2007, Andoaingo), Nahia Garcia Bidaburu (2007, Bertako), Aner Irizar Rodriguez (2008, Ulma), Maier Olano Arozena (2007, Zu·K Limousin) eta Arkaitz Suso Arakama (2007, Bertako).
Javier Ruiz de Larrinaga Ibañez hautatzaileak aukera hau baliogarria izateko aukeratu ditu bost txirrindulari hauek. Estatu selekzioaren maillota eramatera derrigortuta egon arren Euskadiko Selekzioak bost txirrindulariak bi lasterketetan koordinatu eta artatuko ditu denboraldian zehar emandako mailari erantzunez. Irati Arangurenek eta Maier Olanok esperientzia dute hauek bezalako plaza handietan eta euren helburua emaitzarik onena lortzea izango da. Nahia Garciaren, Aner Irizarren eta Arkaitz Susoren kasuan plaza hauetan lehiatzen ikastea izango da helburua. Garciak dagoeneko aurten maila bikaina erakutsi zuen azaroan Europako Txapelketetan eta aurreko denboraldian Benidormen eta Hoogerheiden lehiatutako Munduko Kopetako esperientziak lagun egingo dio. Urtarrilean Hoogerheiden ere Arkaitz Suso izan zen eta denboraldian zehar erakutsi duen erregulartasunari eutsi nahiko dio ziklo-krosaren bi plaza historiko hauetan. Aner Irizarrek nazioarteko lehen esperientzia izango du asteburuan lehenengo urteko juniorra izanik. Zumarragarrak garaipenak lortu ditu ETxF Ziklo-Kros Rankingean, estatuko egutegian indartsu aritu da eta Euskadiko Selekzioari esker nazioarteko esperientzia pilatzen hasiko da.
Larunbateko lasterketa Herbehereetako Hulst herrian izango da. Junior mutilak goizeko 9h30tatik aurrera arituko dira 3140 metrotako zirkuituan. Jarraian junior nesken txanda izango da 10h30etan. Hurrengo egunean Zonhovenen, Flandrian, ondarrak markatuko duen zirkuitu batean lehiatuko dira txirrindulariak aurreko eguneko ordutegi berdinekin.
CICLOCROSS
CICLOCROSS
FEDERAZIOA
CICLOCROSS
CICLOCROSS
CICLOCROSS