15-KOAPIRILA-KO2025
(c) ETXF
Otsailean estatuko pista txapelketen lehenengo txanpa gainditu ostean, kadeteek eta juniorrek txapelketen bigarren zatiari aurre egingo diote aste honetan zehar. Ostegunetik aurrera, Mallorcako Illes Balears Belodromoan, bakarkako eta taldekako probak lehiatuko dira. Ostegun arratsaldean abiadura proben sailkatze faseak lehiatu ostean ostiral goizean lehenengo finalak lehiatuko dira abiadura proban. Arratsaldez bakarkako jazarpenaren, scratcharen eta kilometroko finalak lehiatuko dira bigarren lehiaketa eguna ixteko. Larunbata hainbat probetako sailkatzen probekin hasiko da, tartean taldekako jazarpen eta taldekako abiadura proben sailkatze faseak. Arratsaldeko saioan bi proba hauetako finalak lehiatuko dira eta baita kanporaketa probako finala. Txapelketak amaitzeko puntuaketa eta keirin probak lehiatuko dira igande goizean.
Euskadiko Selekzioa ordezkatuko duten hamalau txirrindulariek dominen lehian izatea espero dute hautatzaileek. Kadete mailan, Oinatz Arruti Beristain (Andoaingo Txirrijndulari Eskola), Aratz Asumendi Narbaiza (Durangaldeko Bizikleta Eskola), Amets Eguren Otero (Durangaldeko Bizikleta Eskola), Maialen Narbona Bilbao (Occident-Punta Galea), Laia Sagardui Erzilla (RPK-Udapa) izango dira euskal ordezkariak. Junior mailan Axular Aldazabal Urienek (Durangaldeko Bizikleta Eskola), Aimar Capdequi Justek (Iruki-Donostialdea), Naiara Espinosa Angulok (Zu·K Limousin), Izaro Etxarri Aranburuk (Andoaingo), Irati Mitxelena Arrilagak (JRG-Urkia), Unai Moran Aranzabalek (Durangaldeko Bizikleta Eskola), Urko Nazabal Elolak (Limousin), Eneko Ugartemendia Parrak (Garaje Tolosa-Danena) eta Eñaut Urkaregi Sanzek (Garaje Tolosa-Danena) ordezkatuko dute Euskadiko Selekzioa.
Selekzioaren aukerei erreparatuz nabarmendu batez ere Izaro Etxarri Aranbururen aukerak. Iaz, Luoyangen munduko azpi-txapeldun izan ostean puntuaketa proban adunarra hautagai nagusien artean dago. Luoyangen ere Eñaut Urkaregi Sanzek estatuko errekorra lortu zuen bakarkako jazarpen proban eta erreferentzia nagusia izango da Mallorcan. Hautagai nagusia izango da ere neska juniorrek osatutako hirukotea taldekako abiadura proban iazko txapelketetan lortutako estatuko errekorraren eta urrezko dominaren ostean.