Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

LORAK EUSKADIKO SELEKZIOARENTZAT

09-KOOTSAILA-KO2025

Aurreikusitako helburuak beteta itzuli da Euskadiko Selekzioa etxera asteburuan estatuko Omnium eta Madison txapelketak lehiatu ostean. Guztira bost domin eskuratu ditu Euskadiko Selekzioak Galapagarren.

LORAK-EUSKADIKO-SELEKZIOARENTZAT

(c) RFEC

Omniumak hartu zuen protagonismo osoa larunbateko jardunaldian Galapagarreko belodromoan. Sailkapen probak lehiatu ostean, ohi bezala Scratchak hasiera eman zion lehiaketa hutsari. Kadete nesketan Maialen Narbona Bilbaok bide onetik abiatu zuen jardunaldia hirugarren postua lortuz Scratchean. Izaro Etxarri Aranburuk ere sentsazio onekin hasi zuen eguna laugarren postua eskuratuta Scratchean junior nesketan. Junior mutiletan Scratch lasterketa bizia joan zen hainbat txirrindulari itzuliak irabaziz. Haien artean Unai Moran Aranzabalek itzulia irabazi zuen eta gero helmugan puntuak pilatuz Scratcheko garaile suertatu zen.

 

Tenpo lasterketan emaitza hobetu zuen Maialen Narbonak eta lasterketa irabazi zuen. Izaro Etxarri Aranburuk eta Irati Mitxelena Arrilagak ere Tenpo ona egin zuten hirugarren eta laugarren postuak eskuratuz. Junior mutiletan ondo aritu ziren euskal txirrindulariak Eñaut Urkaregi Sanz hirugarren postua lortuz eta Axular Aldazabal Urien laugarrena izanik. Kanporaketan Narbona lidergoa defendatzera atera zen eta bosgarren postua eskuratu zuen, junior nesketan Naiara Espinosa Angulo izan zen orain nabarmendu zena laugarren postuarekin eta Eñaut Urkaregi Sanzek kanporaketa irabazita lidergoraino iristea lortu zuen.

 

Puntuaketek erabaki zituzten txapelketak. Kadete nesketan Maialen Narbonak laugarren postua eskuratuta brontzezko domina bereganatu zuen. Junior nesketan Izaro Etxarrik hirugarren postua eskuratu zuen puntuaketan baina kanporaketako emaitza ahulak galarazi zion domina eskuratzea. Junior mutiletan emozioa azken metroraino puri-purian izan zen. Eñaut Urkaregi oso lehiakorra atera zen eta puntuak biltzen hasi zen. Eric Igual Ubeda valentziarra izan zuen aurkari nagusia eta azken sprintera biak aukerekin iritsi ziren. Helmugan puntuen berdinketa suertatu zen eta valentziarraren alde joan zen urrezko domina azken sprint horretako puntuengatik. Urkaregik beraz zilarrezko domina lortu zuen Omniuma ixteko. Nabarmentzekoa ere izan zen Eukene Larrarte Arteaga (MAS) tolosarraren maila Omniumeko proba guztietan, balio izan zitzaiona Espainiako txapeldun berria izateko.

 

Igandean Madison proben txanda izan zen. Kadete neskek ireki zuten jardunaldia Maialen Narbona-Laia Sagardui bikotearekin. Kadete neskentzat lehenengo esperientzia zen elkarrekin eta esperientzia hartzeko helburuarekin irtenda laugarren postua eskuratu dute. Kadete nesken bikotea amaierara arte izan da dominen borrokan eta azken sprintean podiumetik kanpo geratu dira. Junior nesketan Izaro Etxarri Aranburu-Irati Mitxelena Arrilaga bikoteak zilarrezko domina eskuratu du Valentziako bikote menderaezinaren atzean. Junior mutiletan Axular Aldazabal Urien-Unai Moran Aranzabal bikoteak pausu handia eman du dominetan sartzeko borrokatik kapo beti baina haien erritmoarekin seigarren postu aipagarrian amaituz.


Elite mailan bi bikote izan ditu Euskadiko Selekzioak eta biek dominak eskuratu dituzte. Emakumezkoetan Eukene Larrarte Arteaga-Naya Mangas Etxebeste bikoteak zilarrezko domina jantzi du azken sprintera arte urrezko dominaren lehian egon ostean. Gizonezkoetan Urko Vidal Mendia-Ibon Diaz de Andres bikoteak brontzea bereganatu du lasterketa inteligente bat lehiatuta azken itzulietan erasora jokatuta eta etekina lortuta.