Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

TALDE LANAREN GARAIPENA

31-KOMARTXOA-KO2024

Galapagarreko belodromoko itoginek markatu dituzte asteburuko junior eta kadete txapelketak. Euskadiko Selekzioak lau domin eskuratu ditu, horietatik hiru talde probetan.

TALDE-LANAREN-GARAIPENA

(c) MacPhotos

Lehenengo egunetik argi geratu zen txapelketa hauetako protagonista nagusiak itoginak izango zirela. Belodromo estalia izan arren estaldurak zituen hainbat zuloetatik ura pistaraino iristen zen eta hainbatetan lehiaketa gelditu, pausatu edo suspenditu behar izan zen. Egoera muturreraino iritsi zen larunbat arratsaldean kanporaketa proben atzerapenarekin itoginengatik. Hurrengo egunean, igandean, ezin izan zen lasterketa gehiagorik lehiatu eta txapelketaren azkeneko eguna bertan behera geratu zen, hainbat txapelketa hutsik geratuz.

 

Egoera honekin Euskadiko Selekzioaren lau dominak emaitza onargarritzat hartu daitezke kontuan izanda zenbat proba lehiatu gabe geratu diren. Ostiralean iritsi zen lehenego domina, brontzezkoa, Eñaut Urkaregi Sanzen eskutik. Bakarkako jazarpen eta abiadura proben egunean Irati Quintano Erdoizak, Urko Nazabal Elola eta Izaro Etxarri Aranburu podiumaren ateetan geratu ziren laugarren postuak lortuz. Eguneko azken lehian, junior mutilen finaletan lortu zuen Urkaregik brontzezko domina B finala irabazita.

 

Larunbatean talde probak aurreikusita zeuden eta atzerapen edo moldaketa artean proba guzti hauek aurrera atera ahal izan ziren. Euskadiko Selekzioak talde lanean egindako lanketa onari etekin handia atera zion hiru domin eskuratuta. Junior nesken hirukoteak, Naiara Espinosa Angulok, Izaro Etxarri Aranburuk eta Irati Mitxelena Arrilagak osatuta urrezko domina eskuratu zuten talde abiadura proban Espainiako errekorra lortuz. Kadete nesketan Maialen Narbona Bilbaok, Irati Quintano Erdoizak eta Ane Zubeldia Peñagarikanok brontzezko domina eskuratu zuten talde abiadura proban ere. Talde jazarpen proban junior mutilen boskoteak zilarrezko domina eskuratu zuen Kimetz Aranburu Urrutxurturekin, Aimar Capdequi Justerekin, Joan Cardona Valdajosekin, Ander Otegi Ariztimuñorekin eta Eñaut Urkaregi Sanzekin.

 

Talde probak amaituta itoginen egoera guztiz desegonkortu zen eta hortik aurrera ezin izan zen lasterketa gehiagorik lehiatu, ez larunbat arratsaldean ezta igandean zehar. Horren ondorioz lehiatu gabe geratu ziren kanporaketa bera, puntuaketa eta keirina.