08-KOMAIATZA-KO2023
Unax Olano Arozena helmugara sartzen. (c) Txirrindulariak Web
Gutxitan lasterketak atzokoa bezain ondo ateratzen dira. Natxituako Sari Nagusian Euskadiko Selekzioak doai erakustaldi bikaina egin zuen afizionatu mailako tropel handi eta indartsu baten aurrean. Emaitza are deigarriagoa da kontuan hartuz talde bezala lan egiten duten lehenengo aldia dela eta helburu nagusia iristeko oraindik ere hilabete eta erdi baino gehiago gelditzen dela.
Mikel Alonso Oiarbide hautatzaileak emandako argibideak bikain jarraitu zituzten gazteek. Hasieratik tropel buruan mantendu ziren guztiak eta baita talde handiaren ardura hartu ere. Helburua ez zen bakarrik erritmoa bilatzea baita lasterketaren parte izatea protagonismoa bilatuz erdiko partean.
Juniorrentzat desabantaila nagusia distantzia eta denbora ziren, haiek ez baitaude ohituta 120 kilometrotako eta 3 ordutako lasterketak leihatzera. Horregatik selekzioak lasterketa lehenago mugitzea bilatu zuen, juniorren distantzia egokian. Lasterketa erdialdera 30 txirrindularietako ihesaldia osatu zen eta bertan Unax Olano Arozenak sartzea lortu zuen.
Errenta handia lortu zuten ihesitakoek, 2 minutu ingurukoa. Hala ere, juniorrek lanean jarraitu zuten tropel buruan, batez ere Markel Beloki Fernandezekin, Gorka Corres Ibañez de Opakuarekin eta Eneko Ortega Larrañagarekin.
Azken kilometroetan ihesaldiak jokatu zuen lasterketa, Bedaronako eta Natxituako maldetan Unax Olanok bere erritmo bilatu eta 18. postu oso duin batean helmugaratzea lortu zuen. Tropeleko onenen artean ere Markel Beloki izan genuen, 33. postuan.
Mikel Alonso hautatzailearen hitzetan: “Ez genuen inolaz ere espero horrelako emaitza onak. Ez bakarrik helmugako postuagatik baizik eta egunean zehar egin duten lanagatik. Uneoro guztiak tropel buruan izan dira, bata besteari laguntzen eta talde bezala aritu dira. Martxoan leihatutako UCI lasterketa eta gero, bigarren lasterketa dugu juniorrekin eta oraingoan bai talde osatuago batekin, txapelketetara joango denaren antza handiagoa du. Hemendik aurrera haiekin lanean jarraituko dugu teknifikazio saioekin eta hurrengo helburua Nafarroako Klasikoan izango dugu, ekainaren 18an.”