Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

UDAKO PROTAGONISTAK AZALERATZEN HASI DIRA

13-KOABUZTUA-KO2024

Lehendakari Txapelketako sei lasterketa lehiatuta dagoeneko azaleratu dira zein txirrindulariek parte hartuko duten txapelketaren sailkapen nagusiko borrokan. Sergio Trueba Cagigas (GOM) eta Asier Castilla Pikaza (LAB) dira jarduneko liderrak.

UDAKO-PROTAGONISTAK-AZALERATZEN-HASI-DIRA

(c) Txirrindulariak.eus

Arratera Igoera berrituak abiada eman zion aurtengo udako Lehendakari Txapelketari. Eibar Klub Deportiboaren mendeurrena ospatzeko antolatutako lasterketa igotzaileei protagonismoa eman zien azkeneko kilometroetan Usartzako mendatean gora. Arrateko igoeraren hasieran harrapatu zuen tropel nagusiak eguneko ihesaldiko azken txirrindularia eta malda gora hasi bezain laster Caja Rural-Aleak erritmo lehergarria markatu zuen. Kilometro bat beranduago Jan Castellon Ribaltaren (CJA) erasoa etorri zen eta bere gurpila soilik Nil Gimeno Ferrerrek (FSH) jarraitzea izan zuen. Atzean Laboral Kutxa taldea jazarpenean ahalegindu bazen ere ez zuten lortu errenta kontrolatzea. Ixuako bidegurutzera iritsi aitzinetik Castellonek beste erritmo aldaketa bat burutu zuen eta orduan bai bakarrik egin zituen helmugara bitarteko kilometroak garaipena eta lidergoa eskuratuz. Antzuola Sarian ere kolore berdea protagonista izan zen Caja Rural-Alea taldeko txirrindularien eskutik. Alex Diaz Alvarez urretxuarrarekin eguneko lehenengo mendatetik lasterketa guztiz apurtu zuen talde naparrak eta lasterketa buruan talde handi bat osatzea ekarri zuen. Asentzion gora lehenengo Iker Perez Lucasek (CJA) bakarrik alde egin zuen eta jarraian Alex Diaz Alvarezek ere alde egin eta lasterketa bururaino iritsi zen bere taldekidearekin helmugara arteko bidea egiteko eta biek garaipena eskuratzeko.

 

Txirrindulari ororen zaindari denez, derrigorrezkoa da urtero euskal egutegiaren hitzordua Dorletako Amarekin. Lehendakari Txapelketako tropelak uztaila ixteko Gatzagan lehiatu zuen Dorletako Ama Saria ibilbide berrituarekin. Lehenengo bi igoeretan tropelan erritmo bizia ezarri zuten talde nagusia asko txikituz. Azken igoera erabakigarrietan taldetxo batek aurrera egin zuen arren Finisher taldeak in extremis egindako lanak ihesaldia harrapatzea lortu zuen. Azken kilometroan Sergio Trueba Cagigasek (GOM) erritmo aldaketa bat egin zuen eta garaipena eskuratu zuen Haimar Etxeberria Ansalas (FSH) eta Asier Castilla Pikaza (LAB) menderatuta.

 

Azken hiru probak asteburu berdinean lehiatu ziren erakargarritasun handia emanez txapelketari. Muxikako San Roman Sarian ihesaldiak bidea egin zuen tropelaren baimenarekin eta aurrean talde handia osaturik tarte handia eskuratu zuten ihesitako txirrindulariek. Lasterketa San Romango helmugako maldetan erabaki zen Asier Castilla Pikazaren (LAB) alde Maxime Diribarneren (GOM) eta Pablo Ara Perezen (TEL) aurretik. Sopela Udala Sarian kontrako gidoia bizi izan zen eta tropelak  aurreko eguneko akatsa ez zuen errepikatu eta ihesaldia motzean lotu zuen. Horrela azken kilometrora elkarrekin sartu ziren txirrindulariak eta Ander Ganzabal Bilbao (LAB) jotzen saiatu zen arren Gomur taldeak bikain kontrolatu zuen eta 1-2 postuak eskuratu zituen Sergio Trueba Cagigasekin eta Oscar Fuentes Paniegorekin.

Oiartzuneko Xanisteban Saria izan da orain arteko Lehendakari Txapelketako azken hitzordua. Oiartzungo ibilbideak etengabeko gora beherak izanda lasterketa gogorra ekarri zuen eta horrek aldi berean liderren urrutiko mugimenduak ekarri zituen. Sergio Trueba elite liderra eta Asier Castilla 23 urtez azpiko liderra 50 kilometroren faltan ihesaldian sartu ziren. Ihesaldi jendetsua izanda azken kilometroetan txirrindulari indartsuenek nabarmendu ziren eta helmugara iritsi ziren hiru txirrindulari artean berriz ere Sergio Trueba gailendu zen hirugarren lasterketa irabazita. Hiru garaipen hauei esker Trueba (GOM) lider da 58 punturekin eta Asier Castilla Pikaza (LAB) bigarren da, 23 urtez azpiko liderra izanik, 39 punturekin. Podiuma Nil Gimeno Ferrerrek (FSH) ixten du 36 punturekin.

 

Juniorrek ere protagonismoa hartu dute azken asteetan Udako Txapelketaren lehen edizioarekin. Paco Cepeda Sari Nagusiak ireki zuen txapelketa eta bertan Ellande Larrondek (URT) garaipena eskuratu zuen sprintean Aimar Marin Bustinza (ALI) menderatuta. Eguneko ihesaldia osatu ostean harrapatu zuen Larrondek bakarrik ihesaldia eta Bezin gora Marinek soilik jarraitu ahal izan zion saratarrari. Bigarren lasterketa Fundazioa Garaikurra izan zen eta aurreko asteko protagonistarik gabe Baque taldea urrunetik jokatu zuen. Talde bizkaitarreko Marco Martin Cuevas eta Aritz Garmendia Pardo binakako ihesaldi bati esker lasterketa buruan izan ziren kilometro luzez. San Kosmeko igoera hirukoitza hastean lehenengo Oskitx Egiguren Santamaria (BAQ) mugitu zen eta jarraian Eñaut Urkaregi Sanz (GTO) eta Andrei Stetsiv Stetsvi (MHG). Urkaregik bakarkako jazarpen proba luzea eta menditsua abiatu zuen eta bazirudienean Marco Martinek garaipena eskuratzear zegoela ziztu bizian agertu zen helmugako zuzengunean gipuzkoarra eta 150 metroren faltan harrapatu eta atzean utzi zuen Martin. Azken lasterketa erlojuaren aurkako Opakuara Igoera izan zen eta bertan Ibai Villate Momeñek (ALI) kronoa txikitu zuen  39 segunduko tartea irekita bigarren sailkatuari. Opakuako garaipenari esker eta Sopuertako hirugarren postuari esker Villatek lortu du sailkapen nagusia bereganatzea 18 punturekin. Bigarren Andrei Stetsiv Stetsvi (MHG) izan da 14 punturekin eta hirugarren Eñaut Urkaregi Sanz (GTO) sailkatu da 10 punturekin.