03-KOUZTAILA-KO2023
Markel Beloki Fernandez bakarkako erlojupekoan. (c) RFEC
Tourra gora, Tourra behera; Euskal Herriko txirrindularitzaren osasunari buruz asko hitz egin da azken asteotan. Tourrean ditugun zazpi txirrindulari profesionalak urte askotan ereindutako, landatutako eta batez ere landutako loreak izan dira. Horretara bidean, etorkizuna ereiten eta landatzen dabil Euskadiko Selekzioa. Albiste onena da, oraindik uzta goiztiartzat hartu dezakegun arren, kimu ederrak loratu direla.
Aurreko astean Madrilen euskal txirrindularitzak lortutako emaitza bikainei jarraituz, kadete eta junior mailako txapelketetan domin bilketa ederra izan da. Txapelketak ostegunean, ekainak 29an, arratsaldez, hasi ziren erlojupekoekin. Bertan Euskadiko Selekzioak hiru urrezko domin eta zilarrezko bat eskuratu zituen. Kadete mailan mutilen zein nesken taldeek taldekako erlojupekoan txapeldun izan ziren eta Markel Beloki Fernandezek bakarkao erlojupekoa irabazi zuen junior mutilen mailan. Junior nesketan Oneka Sanchez Galarraga izan zen txapeldun ordea.
Ostiralean kadeteek segida ezin hobea eman zioten asteburuari. Nesketan Paula Ostiz Taco naparra txapeldun izendatu zen iaz bezala eta bigarren postuan ere Izaro Etxarri Aranburuk errepikatu zuen. Mutiletan zilarrezko beste domin bat lortu zuen Euskadiko Selekzioak Eñaut Urkaregi Sanzen eskutik. Gainera bi lasterketetan Euskadiko Selekzioak taldekako garaipena lortu zuen. Eskola mailako txapelketak ixteko infantil mailan Noa Vega Bilbaok beste zilarrezko domin bat eman zion Euskadiko Selekzioari mendi-bizikletako lasterketan.
Azken egunean, igandean, junior mailakoen bi errepideko lasterketak ospatu ziren. Goizean goiz, Murtziako bero handia ekiditzeko, nesken lasterketa ospatu zen. Bertan selekzioa protagonista izan zen lasterketa urrunetik mugituz. Nahia Arana Quintanillak erasoa jo zuen eta bakarrik joan egin zen. Geroago boskote bat osatu zen lasterketa buruan, Arana bertan zegoela eta baita ere Aiala Serrano Manso. Boskote horrek txapelketa sprintean erabaki zuen eta Arana hirugarren postuarekin, brontzezko domina eskuratu zuen. Serranok laugarren amaitu zuen.
Junior mutilen lasterketan Euskadiko Selekzioa ere protagonista izan zen. Hasierako kilometroetan ihesaldi handi batean sartuz Iñigo Uria Cuadrarekin. Lasterketa erabaki zenean, Alvaro Garciak (MUR) aurre hartu zuen eta jazarpen laukoteak Euskadik hiru txirrindulari sartu zituen: Markel Beloki Fernandez, Eneko Ortega Larrañaga eta Unax Errasti Urteaga. Azken kilometroetan, Garcia harrapatu ezinik Belokik bakarrik alde egin zuen eta helmugan bigarren postua eskuratu zuen, bigarren domina eskuratuz. Eneko Ortegak podiuma itxi zuen hirugarren postuan eta Unax Errasti laugarren postuan iritsi zen.
BTT
ERREPIDEA
PISTA
PISTA
PISTA
CICLOCROSS