Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

OLATUEN KONTRA BOGAN

26-KOEKAINA-KO2023

Euskadiko Selekzioak ezin izan zuen iazko balentria errepikatu Espainiako U23 Txapelketetan. Selekzioaz haratago, euskal txirrindularien emaitzak bikainak izan dira guztira sei txapelketeta lortuz.

OLATUEN-KONTRA-BOGAN

Julen Arriolabengoa Beitia selekzioko onena izan zen, 6. postuan.

Udaberriko loreak lehortu egin dira uda hasierarekin eta Euskadiko Selekzioa lorerik gabe itzuli zen Madriletik. Txapelketako talde indartsuenetakoa izanda ere ez zen nahikoa izan lasterketako leihan izateko. Hasierako eraso klasikoen ostean ihesaldi oso arriskutsu bat sortu zen tartean Unai Aznar Vijuesca eta Diego Uriarte Belzunegi naparrak zeudela.

 

Ihesaldiak bi minutura arteko errenta lortu zuen Asturies eta Valentzia tiraka jarri zirenean. Jarrain Euskadiko Selekzioak ere ardura hartu behar izan zuen tropel buruan jakinda aurrean zeuden txirrindulariak arriskutsuak oso zirela. Selekzioen lana ondo joan zen eta Unai Zubeldia Elduaienek eta Aimar Erostarbe Ugartek errenta 40 segundutara jaistea lortu zuten. Metatik bigarren aldiz pasatzean Erostarbe bera eta Alex Diaz Alvarez erasora pasa ziren eta asko hurbildu ziren ihesaldira baina ezin izan zuten harrapatu.

 

Bero handiak eta ibilbide gogorrak min handia egin zuten eta tropela oso txiki geratu zen. Gauzak horrela tropelak indarrik ez zuen izan ihesaldia harrapatzeko. Julen Arriolabengoa Beitia tropeleko onenei eutsi zien taldea desegin zenean. Taldetxo hori ihesaldia harrapatzear egon zen arren, ez zuten lortu eta azkenean ihesaldiak eskuratu zuen garaipena. Azken kilometroetan hirukote bat osatu zen lasterketa buruan, tartean Unai Aznar Vijuesca zegoela. Azken 500 metroetan Aznarrek erasoa jo zuen eta horri esker Espainiako Txapeldun bikoitza izan zen, erlojupekoa ere irabazi ostean.

 

Aznarrek euskal txirrindularitzari bosgarren titulua eman zion txapelketa hauetan. Aurretik Idoia Eraso Lasak eta Aznar berak U23 erlojupekoan lortutakoei, goiz horretan bertan Eneritz Vadillo Crespo bizkaitarrak lortutakoari eta profesional mailan Jonathan Castroviejo Nicolasek erlojuaren aurka ere lortutakoari gehitu zitzaion Aznarren balentria bikoitza. Txapelketak amaitzeko igandean Oier Lazkano Lopezek UCI-Elite mailako txapelketa eskuratu zuen.