23-KOMAIATZA-KO2022
(c) Txirrindulariak Web
Asteburu honetan ETXFko errepideko lau txapelketen lasterketak izan ditugu. Lehenengoa Euskal Herria Txapelketako, Amurrioko Sari Nagusia izan zen. Lasterketa erdialdera ihesaldi bat sortu zen eta izen nabarmenik aurreratu ez zen arren, taldetxoak tartea irekitzea lortu zuen. Azken itzulia hastear zeudenean Iñaki Ordokik (LIZ) erasoa jo zuen eta bakarrik joan zen helmugara iritsi arte. Bere atzean Tamirat Navarro (ELE) eta Eneko Ortega (BES) sartu ziren. Aimar Madina (ULM) da txapelketako lider berria.
Larunbat arratsaldean Emakumeen III. Klasikoa ospatu zen, Arrigorriagan. Kadete lasterketan Paula Ostizen (LAC) beste garaipen argi bat bizi izan genuen. Bigarren postua Izaro Etxarrirentzat (AND) izan zen eta hirugarrena Irati Arangurenentzat (AND). Open mailako lasterketan Laboral Kutxa taldearen aparteko erakustaldi bat bizi genuen. Irteera erreala eman zitzaienetik erasora pasa ziren eta 2. kilometroan Idoia Erasok bakarrik alde egitea lortu zuen. Errentak gora egin zuen eta 3 minututaraino iritsi zen. Eguneko azken igoeran, Sarasolako mendatean, tropela guztiz desegin zen. Malda behera Usoa Ostolazak (LAB) alde egin zuen. Atzean jarraitzaile taldea antolatu ezinik Ostolazak tartea handitu zuen. Helmugan Idoia Erasok bere erakustaldia burutu zuen, bigarren Usoa Ostolaza sartu zen, 15 segundotara. Tropela 1’30ko galerarekin sartu zen Tania Calvok gidatuta (LAB). Lehenengo juniorra Olatz Camino (ARA) izan zen. Txapelketako lider berriak hauek dira: Irati Araguren (AND, Kadete); Naroa Olano (ZAT, Junior); Idoia Eraso (LAB, S23) eta Muskilda Oloriz (VPQ, Elite).
Igandean Euskaldun Txapelketak proba zinez gogorra bizi izan zuen Urrakiko Igoerarekin. Lasterketa eguneko hiru mendateetan (Altzarte, Etumeta eta Urraki) erabaki zen. Lehenengoan talde handia desegiten hasi zen eta Etumetan gora eta batez ere behera lasterketa buruan soilik izen indartsuenak geratu ziren. Urrakiko igoeran Joseba Lopezek (CJA) erritmo gogorra inposatu zuen eta edozein eraso asmo deuseztatu zuen. Erritmo gogorrarekin taldea are gehiago selekzionatu egin zen. Sprintera kondenatuta zegoen garaipenaren leiha. Sprintean Alejandro Franco (GOM) azkarrena izan zen Xabier Berasategiren (LAB) eta Julen Arriolabengoaren (CJA) aurretik.
Arratsaldean kadete mailako Gaztetxoak Txapelketaren txanda izan zen Arroa Sariarekin. Lasterketa azkarra izan zen, ia 40 kilometro orduko bataz-bestekoarekin. Azken 4 kilometroetan Arroa Goikorako maldan tropela guztiz desegin zen eta aurrean mantendu zen 11 txirrindularietako taldetxoak sprintean leihatu zuen lasterketa. Garailea Hodei Muñoz (FDB) izan zen. Muñoz bera 2. Urtekoen lider jarri zen eta Ekain Imaz 1. Urtekoen lider.
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA