Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EUSKADIKO TXAPELKETEN TXANDA

21-KOMAIATZA-KO2025

Igande honetan hasita Euskadiko Txapelketak lehiatuko dira errepidean, mendi bizikletan eta eskolartekoetan. Maila guztietan 25 txapela banatuko dira hurrengo hiru asteburuetan.

EUSKADIKO-TXAPELKETEN-TXANDA

(c) ETXF

Igandean Getxon abiada eman zaie aurtengo Euskadiko Txapelketak. Punta Galea Txirrindulari Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko klubak txapelketa bikoitza antolatu nahi izan du kadete eta junior mutilen mailakoentzat. Getxoko Zirkuitu lasterketa profesionalaren kutsua izango dute aurtengo txapelketek helmuga berdina izango baitute kadeteek eta juniorrek Getxoko Justizia Jauregi atarian eta zalantzarik gabe Pike Bideko igoerak markatuko ditu hein handi batean bi lasterketak. Getxoko Zirkuituak eta baita Frantziako Tourrak azken urteetan igarotako malda bortitzak 2,12 kilometro ditu %9,53 bataz besteko penditzarekin eta %20 gehienezko maldarekin. Bi lasterketak igande goizean zehar lehiatuko dira, kadeteek 9h00etan hartuko dute irteera 51 kilometro betetzeko eta jarraian juniorrak 11:30tan abiatuko dira 87,4 kilometro betetzeko.

 

Hurrengo larunbatean, maiatzak 31n, mendi bizikletako eta emakumezkoen errepideko txapelketak lehiatuko dira. Mendi bizikletako txapelketak Abadiñoko zirkuituan lehiatuko dira 4,2 kilometroko luzera duena eta hiru lasterketa hartuko dituena. Lehenengo lasterketa 9h30tan hasiko da Master 30, 40 eta 50/60 mailako txirrindulariekin. Jarraian, 11h00etan emakumezko maila guztiek eta kadete mutilek hartuko dute irteera eta goiza amaitzeko elite eta junior gizonezkoen lasterketa lehiatuko da 12h45tatik aurrera. Egun berdinean arratsaldez emakumezkoen errepide txapelketak lehiatuko dira Sopelan. Euskaldun Txapelketaren baitan lehiatuko den probak bi lasterketa izango ditu. Kadete mailako lasterketa 15h00etan hasiko da eta 46,6 kilometro izango ditu. Junior eta afizionatuen lasterketak 16h30tan hartuko du protagonismoa 70,5 kilometro burutzeko.

 

Kadete mailako mutil eta neskek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute ekainaren lehenan Euskadiko Erlojuaren Aurkako Txapelketarekin. Iaz bezala Bergarak hartuko du txapelketaren antolakuntza 7,2 kilometrotako ohiko erlojupekoan. Azken txapelketak elite eta 23 urtez azpiko gizonezkoenak izango dira Seguran lehiatuko direnak ekainaren 7an, 10h00etan. Segurako txapelketak 101 kilometro izango ditu, zazpi mendate puntuagarrirekin eta zenbatezin muino eta gora beherekin.

 

Eskolartekoek ere bi jardunaldietan errepide eta mendi bizikleta txapelketak izango dituzte maiatzaren 25ean eta 31n. Maiatzaren 25ean mendi bizikletako txapelketak lehiatuko dira Amurrioko El Refor kirolgunean eta 31n errepide probak Arroiabe herrian ospatuko dira.