02-KOURRIA-KO2025
(c) Markel Bazanbide / ETxF
Bi txapelketa berriek hartuko dute euskal ziklo-kros denboraldiaren protagonismoa. Azken sasoietan ETxF Ziklo-Kros Rankingak eraman du neguko denboraldiaren ildoa sailkapen nagusi bateratuarekin. Aurten Rankingak irteera ordena eta urteko sailkapen nagusia markatzen jarraituko duen arren, hastapen mailentzako bi lehiaketa berri prestatu ditu Euskadiko Txirrindularitza Federazioak. Federazioaren ziklo-kros batzordeak horrela proposatuta sasoia bi txapelketetan banatzearen helburua da lehiaketa erakargarriagoa egitea kadeteentzat eta juniorrentzat denboraldiaren bigarren zatia eta partaidetza sustatzen laguntzea.
Horrela, Larrazken Txapelketaren baitan lehiatuko dira Garaje Tolosa Saria - Pablo Arsuagaren Oroimenezkoa Tolosan, 48. Elorrioko Ziklo-Krosa, I. Martin Deuna Ziklo-Krosa Zamudion, Lezamako Ziklo-Kros Zirkuitua eta San Andres Garaikurra Ametzagan. Udazkenaren muinean lehiatuko dira lasterketa hauek eta horri erreferentzia hartuz du izena txapelketa honek, udazkenari -larrazkenari- erreferentzia eginez. Bigarren txapelketak Iturri Txapelketa izena hartuko du. Erreferentzia bikoitza dario izenean, alde batetik kirol gaitasun iturri emaile izan nahi dutelako berrikuntza hauek etorkizuneko goi-mailako kirolarien bidea erraztuz. Aldi berean Joaquin Iturria gogoratzeko aukera baliatu nahi izan du ETxFk. Txirrindulari donostiarra 1906 jaio zen eta 1926an bere hirian, Donostian, lehen aldiz estatuko ziklo-kros txapelketak lehiatu zirenean bera izan zen historiako lehen txapelduna. Iturri Txapelketaren baitan Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusia, Zornotzako Ziklo-Krosa, 3. Gorlizko Udala Ziklo-Krosa, Ataungo Ziklo-Kros Proba eta Aiarako VI. Ziklo-Krosa lehiatuko dira.
Bi txapelketen inguruko araudia dagoeneko eskuragarri dago ETxFren webgunearen ziklo-kros atalean. Nabarmendu lasterketa guztietarako irteera ordenak UCI nazioarteko rankingak eta ETxF Ziklo-Kros Rankingaren sailkapen nagusiak markatzen jarraituko dutela.
CICLOCROSS
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
CICLOCROSS
CICLOCROSS
CICLOCROSS