07-KOEKAINA-KO2022
(c) Txirrindulariak Web
Larunbat arratsaldean Etxebarrian Euskadiko Kadete Txapelketa ospatu zen. Lehenengo lasterketa, 2. urteko kadeteena, arratsaldeko 15h00retan abiatu zen. Hasieran Ander Gonzalez (CJI) protagonista izan zen hainbat kilometro bakarrik eginda. Gonzalez harrapatuta tropelak Ondarroa eta Lekeitio arteko errepide sigi-sagatsuan murgildu zen eta ihesaldi saiakerak etengabeak izan ziren. Lekeitio igarota, Aulestira bidean Auritz Mendiak (CJI) erasoa jo eta bakarrik joan zen. Bere atzean Markel Meñaka (ALG) atera zen. Biak elkarrekin Gontzagariganeko mendatean gora hasi ziren tropelarekiko ia 2 minutuko errenta zutelarik.
Gontzagariganen gora Mendiak erritmo gogorra jarri zuen eta Meñaka atzean utzi zuen. Mendatea gainditzean Mendiak minutu eta erdiko errenta mantentzen zuen. Errenta hori erabakigarria izan zen. Mendia jaisten hastean euria zegoen jaitsiera hasieran baina tropela jaitsiera hastean txingorra hasi zuen eta tropeleko txirrindulariek kontu handirekin igaro behar izan zuten jaitsiera. Gauzak horrela Bolibarrera iristean Mendiak errenta handitzea lortu zuen eta ordekan sendo eraginda pedalei bakarrik iristea lortu zuen Etxebarriako helmugara. Bigarren postua Hodei Muñozentzat (FDB) izan zen eta hirugarren postua Peio Albizuarentzat (LUY).
Bigarren lasterketa arratsaldeko 17h00etan abiatu zen, 1. urteko kadeteentzat. Miloi mendatea hastean Arkaitz Susok (FGM) tartea irekitzea lortu zuen, jarraian Benjamin Muzykak (RTX) ere erasoa jo zuen eta Susorengana iristea lortu zuen. Biak erreleboetan minutuko errenta eskuratu zuten. Atzean tropelean erasoak uneorokoak ziren. Gontzagarigane hastean Susok Muzyka atzean utzi zuen eta aurrera joan zen. Atzean tropelean eraso gogorrenak hasi ziren eta aurreko txirrindulariekiko errenta murrizten hasi ziren. Tontorrera iritsi baino lehen boskote bat osatu zen eta malda behera Suso harrapatzea lortu zuten. Lasterketa buruan 6 txirrindulari geratu ziren arren Etxebarriarainoko ordekan txirrindulariak sartzen joan ziren atzetik eta azkenean helmugan 20 txirrindulari inguruko talde batek jokatu zuen txapelketa sprintean. Azkarrena Eñaut Urkaregi (DAN) izan zen, bigarren postua Iker Colmenerorentzat (LUY) izan zen eta hirugarren postua eguneko protagonistarentzat, Arkaitz Susorentzat (FGM) izan zen.
ERREPIDEA
ERREPIDEA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
ERREPIDEA