28-KOMAIATZA-KO2024
Emakumezkoen podiuma. (c) OTXE
Euskal egutegiaren hitzordu nagusietako bat izan zen pasa den igandean Oiartzunen Euskadiko XCO Txapelketarekin. Guztira 140 txirrindulari inguruk parte hartu zuten antolatutako bi lasterketetan zortzi txapela banatzeko. Goizeko 10h00etan abiatu ziren emakumezkoen maila guztiak, kadeteak eta master 40-50ak. Emakumezkoen lasterketetan etxeko txirrindulariak nagusi izan ziren. JRG-Urkia taldeko Nahia Polo Amenabar gailendu zen elite eta 23 urtez azpikoen mailan. Bigarren postuan sailkatu zen Nahia de Miguel Etxebarria (EBJ) eta brontzea Antia Mendez Ruizentzat (ZOR) izan zen. Nesken junior mailan beste oiartzuar bat izan zen nagusi: Magali Albisu Etxebeste eta OTXE eskolaren egun bikaina biribiltzeko Ane Zubeldia Peñagarikanok lortu zuen kadete nesken mailako txapela janztea. Kadete mutilen mailan txapela durangaldera joan zen Ander Mendizabal Garateren (CFO) esku. Master 40-50 mailako txapelduna Occident-Miribilla taldeko David Muñoz Sanchez izan zen.
Lehenengo lasterketan izandako eguraldi ona desagertu egin zen bigarren lasterketa hasi orduko eta 12h00etatik aurrera zirkuituaren egoera zaildu egin zen. Hala ere lasterketa biziak ikusi ziren Urkabe mendiko zirkuituan. Elite eta 23 urtez azpikoen mailan berriz ere JRG-Urkia taldeko txirrindulari batentzat izan zen. Kasu honetan Igor Bilbao Perez hondarribitarra izan zen txapelduna Iñigo Gomez Elorriagaren (CER) eta Mikel Merino Olagueren (KAT) aurretik. Mikel Merino naparra izanik Unax Lombraña Belaskorentzat (GAR) izan zen podiumeko hirugarren postua. Junior mailan Eneko Olveira Rodrigok (JRG) hegan egin zuen Urkaben txapela janzteko eta Master 30 mailan Andoni Otaño Ezeiza (TRX) izan zen garailea.