26-KOMAIATZA-KO2025
(c) RFEC
Azken urteetako joera bikaina mantendu du Euskadiko Selekzioak aurten ere txirrindularitza egokituko lehenengo txapelketa hauetan. Lehiaketa bi egunek zazpi domin lortzeko balio izan diote euskal taldeari, tartean David Mouriz Dopicoren bi urreak erlojupeko eta iraupen probetan. MH3 mailako txirrindulariak maila bikaina erakutsi du eta sendo irabazi ditu bi txapelketak. Larunbatean hasitako txapelketen hasieratik ikusi zen Euskadiko Selekzioak helburu gorenen bila atera zela erlojupeko probetan. Denborarik onena markatu zuen Mourizek MH3 mailan, MB mailan aldiz Imanol Arriortua Zorrilak eta Eñaut Pagola Bereziartuak osatutako bikotea urrearen ateetan geratu zen zilarra lortuta eta MC2 mailan Markel Alonso Cardamak hirugarren postu bikain bat lortu zuen.
Igandean iraupeneko errepide probak lehiatu ziren. MC4 eta MC5 mailetako lasterketa goiza ireki zuen. Eguneko ihesaldia izan bazen ere lasterketaren une erabakigarrian Ander Albizu Urrestik oso ondo baliatu zituen bere indarrak lasterketa bururaino iristeko. Guillermo Prieto Hortelano selekzio kidearekin batera lasterketa egin zuten azken txanpara arte. Azken kilometroetan Ander Albizu MC4 mailako Damian Ramos Sanchezekin (GAL) alde eginda ibili zen eta helmugan txapelketa bana eskuratu zituzten euskaldunak eta galiziarrak. MC4 mailako Unai Zabalo Murrilo eta Guillermo Prieto Hortelano bikain aritu ziren ere eta laugarren eta bosgarren postuak eskuratu zituzten.
MC2 mailan ere protagonistak izan ziren euskaldunak Markel Alonso Cardamaren eskutik. Hainbat erasoetan eta saiakeretan ondo sartuta lasterketa mugitzen saiatu zen Alonso uneoro eta azken txanpan, MC1-MC3 mailekin batera lehian lasterketa burutik hurbil izan zen eta helmugan MC2 mailako brontzea eskuratu zuen Alonsok, Oskar Garro Antxia jarraian sartu zen laugarren postua eskuratuta.
Aurreko egunean zilarra lortu ostean MB mailako Arriortua-Pagola bikotea urrearen bila atera zen iraupen proban. Lasterketako lehenengo maldatik aurrera erritmo gogorra markatu zuten txirrindulariek eta bikote euskalduna aurreko eguneko erlojupekoan garaipena lortutako bikotearekin geratu zen. Geroago beste bikote bat sartu zen eta hiru bikoteek ia lasterketa osoa elkarrekin egin zuten. Azken itzuliko igoeretan erasoa jotzea aurreikusten zutenean tandemeko katearekin arazoak izan zituzten eta urreak alde egin zien. Helmugan bigarren postu mikatzarekin heldu ziren urrea lortzeko indarrekin baitziren Imanol Arriortua Zorrila eta Eñaut Pagola Bereziartua.
David Mouriz Dopicok iraupen proban erlojupekoan izandako errendimendu berdinari esker besoak altxatu zituen MH3 mailan. Lasterketa gogorra izan zen, asko zatitu baitzen eta Mouriz uneoro lasterketa buruan mantenduta, atzetik jarraitzaileen joa sumatzen bazuen ere. Azken kilometroan bi gurpildun aulki iritsi ziren eta sprintean euskalduna nagusitasun handiz gailendu zen urrea lortuz.
FEDERAZIOA
TXIRRINDULARITZA EGOKITUA
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
BTT
ERREPIDEA