Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EUSKAL ZIKLO-KROS DENBORALDI BERRIA

20-KOABUZTUA-KO2023

Euskal ziklo-krosak egutegi berria du 2023-2024 denboraldirako. ETxF Ziklo-kros Rankinga egutegiaren bizkarrezurra izango da eta helburu nagusia urtarrilean Amurrion leihatuko diren estatuko txapelketak izango dira.

EUSKAL-ZIKLO-KROS-DENBORALDI-BERRIA

(c) ETxF

Mendiak eta soroak berde-berde ditugunean badakigu aste batzuk barru hostoak erortzen hasiko direla eta udazkenean sartuko garela. Udazkenarekin txirrinduletan gurpil meheak aldatuko dira gurpil lodiengatik. Urriaren 22an hasiko da euskal ziklo-kros denboraldia Tolosako Pablo Arsuagaren Oroimenezkoarekin. Lasterketa hori ETxFko Ziklo-Kros Rankingaren abiapuntua izango da.

 

Rankingak guztira 11 proba izango ditu, Tolosaren ostean Iruñeako Ziklo-Krosa izango da (azaroak 4). Bihararamunean rankingaz kanpo UCI C2 mailako Karrantzako Nazioarteko Ziklo-Krosa leihatuko da. Hurrengo astean Zornotzan (azaroak 12) izango da berriz ere euskal ziklo-krosa. Jarraian Lezama (azaroak 26), Ametzaga (abenduak 2), Urdiain (abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna) eta Segurako (abenduak 9) lasterketak etorriko dira.

 

Abenduak 10ean euskal ziklo-krosaren egun handia izango da Igorreko Nazioarteko Ziklo-Krosarekin, UCI C2 mailakoa. Horren ostean abenduaren 16an Berako Ziklo-Krosa ospatuko da eta eguberri garaian Aiarako Ziklo-Krosa izango da hilaren 23an. Urtea amaitu baino lehen Euskadiko Txapelketak leihatuko dira Abadiñon, abenduak 30ean.

 

ETxF Ziklokros Rankinga Ormaiztegin amaituko da urtarrilaren 7an. Denboraldia amaitzeko Kuskumendi klubaren eskutik Espainiako Ziklo-Kros Txapelketak izango ditugu Euskal Herrian. Urtarrilaren 12tik 14ra “El Reforreko” zirkuituan estatuko ziklo-kroslari onenak izango ditugu.


Amurrioko txapelketak helburu handia izango dira euskal txirrindulari guztientzat. Horrela adierazi du Javier Ruiz de Larrinaga Ibañez euskal hautatzaileak: “Egutegia ondo dagoela uste dut, gure txirrindulariak hezitzeko lasterketa nahikoekin. Iaz bezala gure txirrindulari oparoenen alde egingo dugu nazioarteko egutegia eskaintzen Europako eta Munduko Txapelketetan egotearen helburuarekin. Euskadiko Selekzioak aurten helburu argia du Amurion eta iazko emaitzak hobetzea zaila izango den arren hori lortzeko lan egingo dugu.”