Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

DENA ERABAKITZEKO HIRU ASTE

06-KOEKAINA-KO2024

Euskal egutegiak aurrera darrai eta udaberriaren amaierarekin batera gizonezkoen Euskaldun Txapelketak, Euskal Herria Txapelketak eta Gaztetxoak Txapelketak amaiera izango dute.

DENA-ERABAKITZEKO-HIRU-ASTE

(c) Ziklix Photo

Joera bikaina eraman du ETxFren egutegiak udaberrian zehar eta orain tenperaturak gora egiten hasi direla udaberria eta udaberriko txapelketak amaituko dira. Gizonezkoen Euskaldun Txapelketa izan da protagonista nagusia azken hilabete hauetan eta hiru proba lehiatzeke geratzen direnean ziurra da euskaldun batek irabaziko duela txapelketa. Ander Ganzabal Bilbao (LAB) lider da momentuz eta pasa den igandean Irungo Done Pedro Sari Nagusian garaipena lortu ostean Iker Perez Lucasen (CJA) akatsari esker oso bideratuta utzi du Ganzabalek garaipena.

 

Apirileko atseden asteburuen ostean Euskaldun Txapelketak martxa hartu zuen berriz ere Natxituako Sari Nagusian. Bertan geroz eta ohikoagoa den irudi bat ikusi zen helmuga lerroan lehenengo urteko txirrindulari baten garaipenarekin. Natxituan Pablo Lospitao Gonzalez (CJA) izan zen garaile. Ildo berdina jarraitu zuten txapelketako hurrengo hiru probek lehenengo urteko bi txirrindulariren garaipenekin. Lazkao Proban Gorka Corres Ibañez de Opakua (CJA) gailendu zen lasterketa bikaina burututa ihesaldiaren bitartez besoak altxatuta. Goierrin ere izan ziren hurrengo bi lasterketak eta bertako errepideetan ondo moldatzen dela erakutsiz Gorka Corresek berriz ere garaipena eskuratu zuen Beasaingo Loinaz Proban. Bigarren honetan Corresek tropel txiki baten sprintean gailendu zen. Hurrengo egunean, Ataungo San Martin Proban, Gari Ugarte Larreari (LAB) egokitu zitzaion besoak altxatzea. Irungo Done Pedro Sari Nagusia Gipuzkoa eta Nafarroa arteko ibilbidean eguneko ihesaldiak garaipena lortzear izan zen baina Iker Perez Lucas (CJA) gaztearen ospakizun grinak garaipena “oparitu zion” Ander Ganzabali.

 

Emakumezkoen Euskaldun Txapelketak ere hainbat hitzordu izan ditu maiatzean. Araban antolatutako Vital Fundazioa Garaikurrak hiru etapa izan ditu. Lehenengoa, Legution, Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) eta Izaro Etxarri Aranburu (AND) irabazi zute. Bigarren etapa Duranan ospatu zen eta bertan berriz ere Zubeldiak eta Daria Fominak (VPQ) eskuratu zuten garaipena. Laudion itxi zuten emakumeek Vital Fundazioa Garaikurra kronoigoera batekin eta Duranan bezala Zubeldiak eta Fominak irabazi zuten. Ospatutako azken hitzordua beste kronoigoera bat izan da, kasu honetan San Martzialera Igoera Bergaran eta inoren harridurarako hilabete honetako dominatzaileek irabazi zuten Bergaran ere, hots, Ane Zubeldia eta Daria Fomina.



Junior mutilei dagokienez pasa den larunbatean lehiatutako Euskadiko Txapelketaz gain Euskal Herria Txapelketako bi hitzordu lehiatu dituzte eta biak mutil azkarrentzat izan dira. Amurrioko Sari Nagusian Ruben Sanchez Cordoba (BAQ) gailendu zen eta Araian antolatutako Done Pedro Sarian sprint handi bat ikusi genuen eta Haritza Allende Figueroak (INV) bigarren garaipena erdietsi zuen txapelketan aurten. Euskal Herria Txapelketa larunbat honetan erabakiko da Urkiolara Igoera berriarekin. Ander Otegi Ariztimuño (AMP) da lider hiru puntutako aldearekin Haritza Allenderekiko. Kadeteek maiatzaren lehenean lehiatu zuten Euskadiko Txapelketa eta apirila amaieran eta ekaina hasieran Gaztetxoak Txapelketako bina proba izan dituzte. Aiaran San Prudentzio Saria Eñaut Bilbao Arriagak (F2I) irabazi zuen eta Etxebarriko Sari Nagusian ordea Ion Egia Barañanok (LUY) lortu zuen garaipena.