Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

MIREIA TRIAS JORDANEK LEA ARTIBAI TXALLENGEA IRABAZI DU

15-KOAPIRILA-KO2024

Kataluniarra 2. etapan gailendu zen eta Irati Aranguren usurbildarrak hirugarren postua eskuratu du sailkapen nagusian, lehenengo juniorra eta lehenengo euskalduna izanik. Kadeteetan Lidia Castrok txallengea berea egin du hiru etapak eta nagusia eskuratuz

MIREIA-TRIAS-JORDANEK-LEA-ARTIBAI-TXALLENGEA-IRABAZI-DU

(c) Aitzol Bilbao Murillo

Arrakasta handiko asteburua bizi izan du Euskaldun Txapelketak asteburu honetan Lea Artibai Txallengean. Lasterketaren laugarren edizioak partaidetza errekorra hautsi du 200 txirrindulari baino gehiagorekin. Lekeition lehiatu zen lehenengo etapa 4 kilometrotako atariko proban. Erlojuaren aurkako proban Paula Ostiz Taco (BAQ) iruindarra gailendu zen segundu gutxitako aldea lortuz Ainara Albert Bosch -ekiko (MAS) eta Nahia Imaz Perezekiko (ZAT). Kadeteetan Lidia Castro de la Serna (RME) gailendu zen Mirari Gotxi Olartekoetxea (BAQ) eta Ane Zubeldia Peñagarikano bigarren eta hirugarren izan zirelarik.

 

Larunbateko etapak Berriatuan izan zuen abiada eta helduera eta “milkurbas” errepide tarteak hartu zuen protagonismoa. Kadeteek 42 kilometro gainditu behar izan zituzten Merelludiko Mendatea igoera puntuagarri bakarrarekin. Merelludin gora liderrak, Lidia Castrok erasoa jo eta bakarkako bidea egin zuen helmugara arte. Atzean tropela desegiten joan zen eta “milkurbas” zeharkatu ostean tropela 20 txirrindulari baino gutxiagoko talde batean geratu zen. Berriatuako sprintean Aitana Gutierrez Velarde (VIE) izan zen tropeleko lehen txirrindularia. Afizionatu eta juniorren etapak 70 kilometro izan zituen hiru igoera nabarmenekin: Merelludiko Mendatea bitan (lehenengoa ez zen puntuagarria) eta Asterrikako Mendatea hiru kilometroren faltan gainditu beharko zuten. Massi taldea oso erasokor atera zen Paula Ostizeri mina egin nahian. Ainara Albert, sailkapen nagusian sailkatutako bigarren txirrindularia, hainbat eraso jo zituen eta Ostiz bera izan zen erantzuna eman behar izan zuena. Ondarroara bidean Massi taldearen erasoaldiaren baitan Marta Romance i Oms -ek (MAS) bakarrik alde egin zuen. Atzean Abadiño taldeari egokitu zitzaion tropelaren ardura hartzea Romance harrapatzeko. Merelludi gainean harrapatu zuten ihesitako txirrindularia eta erasoaldia berriz ere aktibatu zen tropel buruan. Lekeitiora iristear zirelarik lasterketa buruan laukote bat osatu zen Mireia Trias Jordanekin (MAS), sailkapen nagusiko laugarren sailkatutako txirrindulariarekin, Lur Zufiria Arangurenekin (ZAT), Alice Coutinhorekin (ABA) eta Nicolien Luijsterburg -ekin (UPV). Laukoteak inutu bateko errenta eskuratu zuen Asterrikako Mendatearen hasieran. Asterrikan gora Mireia Triasek bere erritmoa inposatu eta bakarrik alde egin zuen. Atzetik Lur Zufiria eta Alice Coutinho segundu gutxiren errenta ixteko esfortzua egin arren ezin izan zuten Trias harrapatu eta txirrindulari katalana gailendu zen Berriatuako etapan, lidergoa eskuratuz. Bigarren eta hirugarren izan ziren Coutinho eta Zufiria, orokorreko podiumera iritsiz. Tropelean Paula Ostiz, talde gabe ezin izan zuen ihesitutako txirrindulariekiko tartea itxi eta mendatean gora, karranpek jota, lau minutu galdu zituen bere aukera guztiak galduz.

 

Lea Artibai Txallengea Markina-Xemeinen erabaki zen igandeko hirugarren etapan. Kadeteen lasterketak larunbateko ildoari eutsi zion Lidia Castroren domeinua zabalduz. Castrok berriz ere bakarrik alde egin eta helmugara bakarrik iritsi zen. Atzean Ane Zubeldiak (JRG) hainbat eraso bota zituen podiumaren bigarren postua eskuratu nahian baina Mirari Gotxik (BAQ) ederki erantzun zien eta azkenean tropelekoak elkarrekin iritsi ziren. Amaierako podiumean Lidia Castro de la Serna (1.), Mirari Gotxi Olartekoetxea (2.) eta Ane Zubeldia Peñagarikano (3.) izan ziren.


Afizionatu eta junior lasterketan Mireia Trias (MAS) lidergoa defendatzera atera zen. Abadiño Cycling Academia ihesaldiaren bila atera zen arren, tropela elkarrekin iritsi zen Gontzugaraiganeko lehen igoerara. Massi taldearen erritmo estuak tropela murriztu zuen eta jaitsiera amaitzean, Maria Banlles Santamariak (UPV) impasse une bat aprobetxatu zuen bakarrik alde egiteko eta 1:20 -ko tartea ireki zuen. Tropelean Massi taldeak erritmo indartsua inposatzen jarraitu zuen eraso guztiak ekiditeko. Mendatean gora Banllesen errenta behera joan zen eta malda behera harrapatu zuen tropelak. Une hori aprobetxatu zuen Paula Ostizek (BAQ) bere erasoa botatzeko eta helmugarako sei kilometroren faltan bakarkako ohiko bideari ekin zion iruindarrak. Massi taldea Ainara Alberten sprinterako aukerak aprobetxatu nahian gogor estutu zuen tropela baina ezin izan zuten Ostiz harrapatu eta junior mailako txirrindulari garaile izan zen Markina Xemeinen. Mireia Triasek helmugan  bigarren taldean sartuta lortu zuen sailkapen nagusiko txapela bermatzea, bigarren Alice Coutinho (ABA) sailkatu zen eta hirugarren postua Irati Aranguren Carbaiedarentzat (AND) izan zen, junior mailako txirrindulari onena izanik eta sailkapen nagusiko euskaldun txirrindulari onena izanik.