Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

SERGIO TRUEBA CAGIGASEK IRABAZI DU LEHENDAKARI TXAPELKETA

23-KOIRAILA-KO2024

Kantabriarra tarte handiarekin nagusitu da udako hilabeteetan lehiatutako txapelketan. Nil Gimeno Ferrerrek (FSH) 23 urtez azpiko txapelduna izan da bigarren postu orokorra lortuta eta Asier Castilla Pikazak hirugarren postua (LAB) eskuratu du.

SERGIO-TRUEBA-CAGIGASEK-IRABAZI-DU-LEHENDAKARI-TXAPELKETA

Lehendakari Txapelketaren amaierako podiuma (c) ETxF

Azken hilabete zirraragarria izan du Lehendakari Txapelketak 10 lasterketekin. Abuztuko hirugarren asteburuan Amurrion, Aretxabaletan eta Laudion lehiatutako lasterketek urteko partaidetza errekorrak hautsi zituzten tropel erraldoiekin. Amurrioko Aiara Zirkuituan Gomur taldea azken asteetako domeinuarekin jarraitzeko asmoarekin atera bazen ere Hugo de la Calle Arangok (COR) garaipena eskuratu zuen azken kilometroetan jotako eraso batekin. Leintz Bailarara Itzuliak errepide gipuzkoarrak eta arabarrak izan zituen protagonista eta aurreko eguneko irabazle berdina suertatu zen 23 urtez azpiko estatuko txapelduna denaren pedalkada bikaina demostratuz. Abuztuko bigarren lasterketa hirukotea Laudio Sariak itxi zuen eta orduan bai Gomur taldeak uda honetako ohitura berreskuratu zuen besoak altxatuz Samuel Fernandez Heresekin.

 

Etxanizen Oroimenezkoan Finisher taldeak txapelketako lehen garaipena eskuratu zuen Elgoibarren. Azkarateko lehenengo igoeran ihesitako txirrindulariak harrapatzeko lana egin zuen Gomur taldeak, txapelketaren patroi aldarrikatuz euren burua. Azkarateko azkeneko igoerara lasterketa bateratuta iritsi zen eta orduan Pablo Carrascosa Millerrek (FSH) erasoa jo zuen maldan gora eta bakarrik helmugaratzea lortu zuen. Hurrengo egunean Gernikan lehiatutako San Bartolome Sari Nagusian ihesaldiak estu hartu zuen tropela. Txapelketako sailkapen nagusiko lehiatik aparte Javier Ibañez Beltran de Salazarrek (CJA), Alain Suarez Fernandezek (GOM), Nil Gimeno Ferrerrek (FSH) eta Pablo Carrascosa Millerrek (FSH) alde egin zuten eta lasterketa osoan zehar tropela hauek ezin harrapatu izan zen. Bizkaiko Begiratokiko igoeran eta berriz ere Gomur taldearen lan eskergari esker ihesaldia harrapatu zuen tropelak. Azken kilometroetan osatutako taldetxoko esprintean berriz ere Sergio Trueba Cagigasek (GOM) azkarrena izatea lortu zuen eta maillot urdinaren lidergoan sendotu egin zen.

 

Ibilbidearen gogortasunak Zegamako San Bartolome Sariaren igotzaileen plaza izango zela erakutsi zuen. Igoerek aurrera egin ahala tropela txiki geratzen hasi zen eta Barbariko azken igoeran Finisher taldeak erritmo bizia jarri ostean Carrascosaren erasoa etorri zen bakarrik alde egiteko eta helmugan berriz ere besoak altxatzeko. Irailean sartutua azken lau lasterketak lehiatu dira. Baranbion eta Urdulizen Finisher taldearen bolada onak jarraitu zuen Nil Gimeno Ferrerren (FSH) garaipenarekin. Gimenok besoak altxatu zituen Garrastatxun lasterketa gogor eta higatzaile baten ostean eta bide berdinetik jarraitu zuen Urdulizen eguneko ihesaldia harrapatuz eta azken kilometroetan bakarrik alde eginez bigarren garaipena jarraian eskuratu zuen.

 

Azken bi lasterketak Oñati Proba eta San Joan Txirrindulari Proba izan dira, Oñatin eta Seguran. Oñatin Javier Ibañez Beltran de Salazarrek (CJA) eskuratu zuen hainbeste merezi zuen garaipena bost urteetan horren alde gogor borrokatzen ibili ostean. Segurako azken hitzorduak ibilbide bortitza ekarri zuen zortzi mendate puntuagarri eta beste hainbat muinorekin 101 kilometroetan. Ibilbide gogorra lasterketa asko haustea ekarri zuen eta oilar nagusiek 50 kilometro baino gehiago falta zirenean aurrera egin zuten. Barbariko mendatean gora seikote bat geratu zen lasterketa buruan Nil Gimeno Ferrerrekin (FSH), Ander Ganzabal Bilbaorekin (LAB), Aimar Erostarbe Ugarte eta Lucas Towersekin (CJA), Alex Ropero Molinarekin (GOM) eta Ailetz Lasa Lizarragarekin (TEL). Minaseko mendatean hainbat eraso suertatu ziren eta Towers eta Lasa atzean gelditu ziren. Malda behera Lasak berriz ere lasterketa burura iristea lortu zuen eta iritsi bezain pronto erasoa jo zuen Zeraineko herrira igotzean. Irekitako tartea txikia izan bazen ere atzean ez ziren antolatu eta bost segundu eskasei zukua aterata Segurako helmuga lerroan garaile iritsi zen ziordiarra.

 

Hamasei lasterketen ostean Sergio Trueba Cagigas (GOM) gailendu da aurtengo Lehendakari Txapelketan 155 punturekin. Bigarren postuan eta 23 urtez azpiko txirrindulari onena Nil Gimeno Ferrer (FSH) izan da 118 punturekin eta Asier Castilla Pikazak (LAB) itxi du podiuma 114 punturekin. Taldekako sailkapenean Gomur-Cantabria Infinita gailendu da.