Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EGUTEGI BERRI BAT, HAMAIKA ERRONKA BERRI

15-KOABENDUA-KO2023

Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren Asanblada Orokorrak gaur bertan onartu egin ditu 2024ko leihaketa egutegiak. Horrekin batera errepide eta mendi-bizikletako araudien berrikuntzak onartuak izan dira.

EGUTEGI-BERRI-BAT-HAMAIKA-ERRONKA-BERRI

Asanblada hasieran minutuko isilunea gorde da Iñigo Diaz Sanchezen eta Luis Mari Perez Perez de Lezetaren oroimenez.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren asanblada orokorra ospatu da gaur arratsaldean Elgoibarreko IMH Campusean. Hasi baino lehen asanblada osoak minutu bateko isilunea gorde du Iñigo Diaz Sanchez eta Luis Mari Perez Perez de Lezetaren oroimenez. Oroitzapenerako une horren ostean gai zerrendako puntuen eztabaidari eta bozketari ekin diote batzorde kideek. Eguneko gai nagusia datorren urteko egutegiak ziren. Horren harira, euskal txirrindularitzak mugarri handi bat gainditu du aurten, 1992an bezala Euskal Herriak Frantziako Tourraren irteera puntua izan da eta duela 31 urte bezala gaur egungo euskal txirrindularitzak oinarri sendo bat dauka: egutegia. Tourra antolatzeko edo Tourrean hiru euskal protagonista handi izateko (Ane Santesteban Gonzalez -top10-, Ion Izagirre Insausti-etapa garaipena-, eta Pello Bilbao Lopez de Armentia -etapa garaipena-) ezinbestekoa da astez-aste euskal txirrindularitzaren kate-begi guztiek egin duten lana. Hori sustengatzeko gaur Euskadiko Txirrindularitza Federazioak datorren urteko egutegiak onartu egin ditu. Guztira 68 lasterketa izango dira, kadete eta junior mutilen euskal egutegia berreskuratuz. Hori da berritasun handiena, kadete eta junior mailek berriz ere Euskal Herri osotik leihatuko diren lasterketen egutegi bateratua izango dutela, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Euskadiko eta Nafarroako federazioen lankidetzari esker.

 

Horrekin batera asanbladak ere errepideko eta mendi bizikletako araudietan berrikuntzak onartu ditu. Errepideko araudian adostu egin da 29 urte arteko adin muga ezartzea Gizonezkoen Euskaldun Txapelketan eta Lehendakari Txapelketan. Gainera, Emakumezkoen Euskaldun Txapelketetako dieten eta sarien eguneraketa egin da. Mendi-bizikletari dagokionez eta emakumezkoen txirrindularitza izaten ari den bultzadari erantzunez, kadete nesken eta junior nesken kategorien sorrera onartu egin da modalitate horretan.

 

Jarraian asanbladak 2024ko lizentzien prezioa eta estaldurak onartu ditu aho batez. Hurrengo urtean prezioa berdina izango da eta 160€ balioko du ETxF igorritako lizentzia bakoitza. Zenbait doikuntza egin dira estalduretan baina Raul Mena Rodriguez lehendakariaren hitzetan: "zerbitzu premium bat izaten jarraitzen dugu. Errege Dekretuak dioenaren oso gainetik daude gure estaldurak. Lizentziak onartuta datorren astelehenean bertan hasi gaitezke lizentziak egiten 2024rako."

 

Amaitzeko, asanbladak onartu egin du zuzendaritza batzordeak Eusko Jaurlaritzari 2024ko aurrekontu aurre-proiektua helaraztea. Raul Mena Rodriguez lehendakariaren hitzetan gaurko asanblada: “oso positiboa izan da, euskal egutegi osoa berreskuratu dugulako euskal federazio guztien lankidetzarekin. 2024ko denboraldiaren lehen mugarria da hau, hasierakoa besterik ez. Ez dakit noiz itzuliko den Tourreko ‘Gran Depart’a gurera, baina hori suertatzeko egin dezakegun onena gure horretan jarraitzea da”.

ARGAZKI GALERIA

EGUTEGI BERRI BAT, HAMAIKA ERRONKA BERRI
EGUTEGI BERRI BAT, HAMAIKA ERRONKA BERRI