Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EUSKADIKO TXAPELDUN BERRIAK

22-KOMAIATZA-KO2023

Asteburuan kadete, junior eta emakumezkoen 23 urtez azpiko eta elite mailetako Euskadiko txapeldun berriak izendatu dira. Lur Zufiria Aranguren eta Olatz Gabilondo Zenitagoia dira afizionatuetako txapeldun berriak.

EUSKADIKO-TXAPELDUN-BERRIAK

Emakumezko Euskadiko Txapeldun berriak (c) Kuskumendi/ETxF

Asteburu honetan Euskadiko zazpi txapeldun berri izendatu dira. Larunbatean Larrinben emakumezkoen Euskadiko Txapelketan bi lasterketa leihatu ziren, biak ala biak Euskaldun Txapelketarako ere baliogarriak. Kadeteen lasterketan Paula Ostiz Taco (NAF) naparraren beste gaitasun erakustaldi bat ikusi genuen garaipena lortzeko. Izaro Etxarri Aranburu (AND) bigarren postua lortu zuen eta horrenbestez bera izan zen Euskadiko txapelduna.

 

 

Bigarren lasterketan afizionatuen eta juniorren arteko leiha estua ikusi genuen txapelak leihatzeko. Oro har lasterketa lasaia izan zen arren azken kilometroetan tropela asko txikitu zen San Mameseko igoera bikoitza jarraituarekin. Azken bi kilometroetan 11 txirrindularietako taldea osatu zen lasterketa buruan eta talde hori sprintean jokatu zuen txapelketa. Zatika taldea lasterketa buruan nagusi zen arren, Aiala Serrano Manso (ZKL) juniorrak sprinta irabazi eta txapeldun bilakatu zen. Elite mailan Olatz Gabilondo Zenitagoiak (ZAT) bosgarren postua eskuratu zuen lasterketan eta txapeldun izan zen; 23 urtez azpikoen mailan Lur Zufiria Aranguren (ZAT) zortzigarren izan zen eta bera ere txapeldun izan zen.

 

 

Larunbat goizean ere kadete mutilen txapelketa ospatu zen Seguran. Lasterketa petrala izan zuten euri zaparrada etengabean eta hotz handiarekin leihatu zirelako. Lasterketak erdialdera ihesaldi bat osatu zen eta 2’30” -ko errenta izatera heldu ziren. Ihesaldian Erik Kintana Lopez (IPQ) hondarribitarrak Liernian gora tarte txiki bat irekitzea lortu zuen. Zerainen gora tartea handitu eta helmugara 22 segundurekin iritsi zen, 2. urteko kadeteen txapeldun izendatuz. Ion Egia Barañano (LUY) 11. izan zen helmugan eta 1. urteko kadeteen txapela eskuratu zuen.

 

 

Igandean berriz ere Amurrion, junior gizonezkoen txapelketa ospatu zen. Amurrioko T.E.-k ibilbide zoragarria prestatu zuen 22 kilometroetako zirkuitu bati bost itzuli emanda. Eguneko ihesaldian Tamirat Navarro Garcia (ELE) eta Ibai Irisarri Arzuaga (LIM) izan ziren. Hauek harrapatzean eraso festa etengabean izan zen tropel buruan, abiaduragatik eta itzuli bakoitzeko bi mendateengatik taldea asko murriztu zen. Azken 8 kilometroetan, Lezamako azken igoerari aurre egitean berriz ere Tamirat Navarro genuen lasterketa buruan Unax Gorostidi Martinezekin (LIM). Mendatean gora Ander Irazabal Pikatzak (EGU) eraso gogor bat jo zuen eta Navarro harrapatu eta 5 segunduko tartea ireki zuen. Atzean 6 txirrindularietako taldetxoa gogor ari zen Irazabal harrapatu nahian, tartean Gorka Corres Ibañez de Opakua (ELE) estatuko ziklokros txapelduna zela. Irazabal harrapatzean bi kilometroren faltan, berriz ere Navarrok jo zuen eta tarte txiki bat mantentzea lortu zuen azken metroetara arte. Helmuga dagoeneko ikusten zutenean Gari Ugarte Larreak (ZAT) sprinta luze jo zuen Tamirat harrapatu nahian. Eneko Ortega Larrañaga (BES) Ugarteren gurpilera ondo itsatsita buru hotz jokatu zuen eta azken metroetan Ugarte aurreratzea lortu zuen lasterketa irabaziz eta Euskadiko Txapeldun bilakatuz.

 

 

Hurrengo larunbatean afizionatu gizonezkoen txapelketa leihatuko da Beasainen, informazio guztia jasotzen jarraitzeko ez ahaztu #EuskadikoTxapelketa erabiltzeaz sare sozialetan.