Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

AZPARREN ETA ALDAMA TXAPELDUNAK

10-KOMAIATZA-KO2022

Enekoitz Azparrenek Natxituan irabazi zuen eta horrenbestez Euskadiko Txapelketa eskuratu zuen 23 urtez azpiko mailan. Oier Aldamak bigarren postua lortu zuen lasterketan eta horrenbestez Elite mailako txapeldun izan zen.

AZPARREN-ETA-ALDAMA-TXAPELDUNAK

Oskar Matxin

Natxituan ospatu zen igande honetan, maiatzak 8an Euskadiko Afizionatu Txapelketa. Lasterketa oso interesgarri joan zen, hasieratik gizon indartsuenen mugimendu ugari izan ziren. Ibilbide gogorra markatu zuen Bizkaiko kostaldeak eta izen handiek ihesaldi bila atera ziren 25. kilometroan. Ereñoko lehenengo pasaeran lasterketa buruan hainbat gizon garrantzitsu zeuden, tartean: Xabier Berasategi, Enekoitz Azparren, Imanol Alvarez, Oier Aldama, Iñigo Eizagirre, Iñaki Diaz edo Endika Balza.

Atzean tropela antolatzeko gai izan zen eta abiadura handiz aurreko txirrindulariak harrapatzea lortu zuten. Bigarren itzulia hastean Jon Gil (GOM) bakarrik joan zen, 30 segundoko tarte interesgarria lortuz. Atzean antolatu ezinda erasoak gertatzen hasi ziren, Iñaki Diazek (CJA) erasoa jo zuen eta lasterketa burura iristea lortu zuen. Jarraian beste taldetxo bat antolatuko zen Enekoitz Azparren (LAB) eta Iñigo Eizagirre (EUL) tartean zirela eta hauek ere aurrera iritsi ziren.

 

Hirugarren itzulia hastean, tropelean erasoek jarraitu zuten eta azkenean bi talde handi eta kopuru berdintsuarekin osatu ziren, lasterketa burua eta tropela. Atzeko taldeak ez zuen etsi eta azken 15 kilometroetan lasterketa batu zen eta txirrindulari bakarra geratu zen lasterketa buruan: Alvaro Carasa (RBX). Tropela handitu zenean Laboral Kutxa taldea antolatu zen eta tiraka jarri zen. Bedaroako mendatea hastean Xabier Berasategiren eta Enekoitz Azparrenen lanarekin tropelak Carasa harrapatzea lortu zuen. Mendatean gora Laboral Kutxako bi txirrindulariek erritmo gogorra markatu zuten Iker Mintegiren mesedetan. Mendate marran Mintegik erasoa jo zuen baina taldeak erraz erantzun zion. Mintegi harrapatzean ezjakintasun une sortu zen eta malda behera Enekoitz Azparrenek beste eraso bat jo zuen. Oier Aldama (ELE) eta Mikel Mujika (TEL) bere atzean ateratzen saiatu ziren baina ezin izan zuten bere gurpila harrapatu. Hortik aurrera jazarpen proba agonikoa hasi zen Azparrenentzat. Malda behera amaitzean eta behin Ea herria zeharkatzean eguneko azken igoera gainditu behar zuten txirrindulariek, Natxituan bertan amaitzen zena. 

 

Azken 2 kilometroak oso estuak izan ziren, atzeko taldeak erritmo gogorra markatu zuen eta erasoekin asko hurbildu zitzaizkion Azparreni. Diferentzia oso txikia zen eta 500 metroren faltan 10 segundo baino gutxiago ziren, Azparrenek erritmoa mantentzen zuen arren geroz eta hurbilago sentitzen zituen jarraitzaileak. Helmuga marra ikusten zutenean Oier Aldamak erasoa bota zuen eta Azparrenera are gehiago hurbildu zen. Laboral Kutxako txirrindularia bere indar guztiak xahutu zituen eta azkenean segundo bakarreko aldearekin txapeldun izatea lortu zuen. Oier Aldama bigarren izan zen eta Iker Mintegi hirugarren.