26-KOMAIATZA-KO2025
(c) Irune Photos
Goizean goiz abiatu ziren kadete mutilen mailako txirrindulariak Euskadiko Txapelketei hasiera emateko. Profesional mailan lehiatzen den Getxoko Zirkuituko lasterketaren kutsua zuen ibilbidearekin 162 txirrindularik osatu zuten tropela. Hasieratik lasterketaren abiadura bizia izango zela argi geratu zen Bilboko itsasadarrean gora egiten zuenean tropelak. Ihesaldi saiakera etengabeak izan baziren ere Sondikatik igaro arte ez zen ihesaldia osatu. Bertan lehenengo hiru txirrindulariek alde egin zuten baina Ieltxu Santana Ibañez (INV) ez zen konforme bere iheskideen erritmoarekin eta bakarrik alde egitea erabaki zuen. Tropelean joak ez zuen etenik izan eta Loiura iristear zirela kontraeraso talde batek lasterketa burua harrapatu zuen.
Ondo ulertuta, ihesaldiko txirrindulariek minutu inguruko tartea ireki zuten eta Pike Bideko lehenengo maldetan errenta nabarmenarekin sartu ziren. Tropelean erritmoa lausotu ez bazen ere errenta nabaria zela ikustean Pike Bideko lehenengo maldatik Aitor Mitxelena Corresek (GCA) erritmoa gogortu egin zuen. Lasterketa buruan txirrindulariak geratzen hasi zirenerako Mitxelenak jarritako erritmo gogorra ihesitako txirrindulariak begibistan izatea lortu zuen. Hor iritsi zen arabarraren erasoa lasterketa bururaino iristeko eta bera bakarrik alde egiteko Pike Bideko gaina igarota. Artxandan behera bizi aritu zen Mitxelena baina itsasadarrera berriz ere iristean atzean jarraitzaile talde indartsu bat antolatuta zegoen eta azkar izan zuten lasterketa buruko txirrindularia begibistan. Astrabuduan, 5 kilometro falta zirelarik harrapatu zuten jarraitzaileek lasterketa burua eta zortzi txirrindularietako taldea osatu zen. Azken kilometroetan eraso batzuk suertatu baziren ere Arkotxako azken maldak erabaki zuen txapelketa eta sprint indartsu bat botata Ales Crucelegi Fernandez de Martikorena (GAS) gailendu zen. Bigarren Aitor Murguzur Diaz de Monasterioguren (ULM) izan zen eta podiuma Aimar Ugarteburu Elgarrestak (ZAT) osatu zuen.
Junior mailan gidoi berdina jarraitu zuen hasieran 130 txirrindularietako tropelak. Etengabeko erasoaldiak ez zuen etenik izan lehenengo ordubetean. Astorekako gaina hasi orduko aurreko kilometroetan izandako abiadurak min egin zuen eta lasterketa asko txikitu zen. Lasterketa buruan Josu Odriozola Garcia-Santamariaren (BAQ) joaren ondorioz talde oso interesgarri bat sortu zen 13 txirrindularirekin. Malda gora gertatutako txikizio guztiak tropela desegituratuta utzi zuen eta berregituratu bitartean hartutako denborarekin lasterketa buruak errenta handitzen hasi zuen. Txorrierra iristean Cafe Dromedario taldeak hartu zuen tropel buruko ardura ihesitako txirrindulariekiko errenta kontrolatu nahian. Aurreko txirrindulariak ondo ulertuta minutu inguruko errentarekin sartu ziren Pike Bideko maldetan.
Igoera erabakigarrian Mikel Sanz Esteibarrek (MMR) erritmoa markatu zuen ihesaldian eta laster lau txirrindulari besterik ez ziren geratu aurrean: Sanz bera, Beñat Sainz Arriola (VIV), Eritz Atxega Iraola (AMP) eta Unax Otegi Arrizubieta (IRU). Azken maldan Sanz bakarrik geratu zen eta Artxandako jaitsieran behera nabarmenduta sartu zen. Lasterketa buruko laukotearen desegitea baliatu zuen tropeletik alde egindako Hector Fernandez Sanchezek (ALI). Ihesaldian zeuden hiru txirrindulari harrapatu, tartean bere taldekidea Markel Tulebras Perea (ALI), Josu Odriozola (BAQ) eta Alex Gomez Madrid (PGA) eta azkar lortu zuten tarteko hirukotea harrapatzea. Zazpi txirrindularietako jarraitzaile taldean ondo ulertu ziren eta kadeteen gidoi berdina errepikatuz Bilboko itsasadarrera iristean lasterketa buruko txirrindularia harrapatu zuten. Arkotxak erabakiko zuen berriz ere Euskadiko Txapelduna eta azken metroetan eraso indartsu bat jota Hector Fernandezek besoak altxatzea lortu zuen Josu Odriozola eta Beñat Sainzen aurretik.
FEDERAZIOA
FEDERAZIOA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA