08-KOUZTAILA-KO2024
Junior nesken errepide probako podiuma. (c) RFEC
Borrokari zukua atera dio Euskadiko Selekzioak asteburu honetan Avilesen (Asturies) lehiatu diren estatuko errepide eta mendi-bizikletako txapelketetan. Infantil, kadete eta junior mailako txirrindulariek guztira hamaika domin eskuratu dituzte, urrezko bat, zilarrezko bost eta brontzezko bost. Erlojuaren aurkako probek irekiera eman zieten txapelketa hauei. Lehenengo arratsaldea domin sorta zoragarria eskuratu zuten euskaldunek. Kadete neskek urrezko domina eskuratu zuten taldekako erlojuaren aurkako proban Elena Cuenca Anabitarterekin, Mirari Gotxi Olartekoetxearekin, Maialen Narbona Bilbaorekin eta Naxara Odriozola Lekuonarekin. Mutilek aldiz brontzea eraman zuten etxera Eñaut Bilbao Arriagaren, Aner Irizar Rodriguezen, Aitor Mitxelena Corresen eta Urko Nazabal Elolaren eskutik. Bakarkako probetan Eneko Arrieta Ibarretxek zilarrezko domina eskuratu zuen txirrindularitza egokituko MC2 mailan. Kadete nesketan Ane Zubeldia Peñagarikanok hirugarren denborarik onena markatu zuen Niemeyer Guneko helmuga lerroan eta brontzezko domina eraman zuen etxera. Junior mailan Irati Aranguren Carbaiedak bigarren postua eskuratu zuen, soilik Paula Ostiz Taco iruindarra gaindituta. Mutilen lasterketan Eñaut Urkaregi Sanz podiumetik 3 segundutara geratu zen, laugarren postua eskuratuz.
Hurrengo egunean kadeteen eta infantilen errepide lasterketak lehiatu ziren. Kadete nesketan lasterketaren lehenengo zatian Maialen Narbona Bilbao oso borrokalari aritu zen bera bakarrik lasterketa buruan ibiliz zenbait kilometroetan. Bigarren zatian lasterketa buruan bi txirrindulari izan ziren eta euskaldunak tropelean geratu ziren. Helmugan Alejandra Neira (GAL) gailendu zen eta Ane Zubeldia izan zen Euskadiko Selekzioko lehenengo txirrindularia, zortzigarren postuan. Taldekako sailkapenean bigarren postua eskuratuta zilarrezko beste domin bat eskuratu zuen selekzioak. Kadete mutilen lasterketa zorigaitza izan zuen bidelagun Euskadiko Selekzioak. Txirrindulariak denbora gehiago zorutik ibili ziren txirrindula gainean baino eta horrenbestez txirrindulariek ezin izan zuten protagonismoa bilatu.
Infantilen errepide lasterketetan Uxue Santana Ibañez 10. sailkatu zen garaipena lehiatu zuen taldean helmugaratuz eta Xabat Martin Mariezkurrena 9. izan zen, talde nagusian helmugaratuta. Gynkanan Katixa Navarro Ezpeleta (10.) eta Unai Fernandez de Pinedo Alvarez de Eulate (43.) Euskadiko Selekzioko onenak izan ziren. BTT probetan, infantil mailan, Noa Vega Bilbaok hirugarren postua eskuratu zuen eta taldekako sailkapenean Euskadiko Selekzioak zilarrezko beste domin bat eraman zuen. Infantil mutiletan Alvaro Taramona San Juan izan zen lehen sailkatua, 20. postuan. Kadeteetan Laia Lera Gil 7. izan zen eta Galder Orio Lopez 28. izan zen.
Txapelketak junior mailakoen errepideko probekin amaitu ziren igandean. Nesken lasterketaren hasieratik borrokalari sena adierazten hasi zen Euskadiko Selekzioa Intza Nabarro Petrikorena hainbat saiakeretan sartuz. Lasterketa lehenengo ordua gaindituta, 36. kilometroan, hain esperotako Paula Ostiz Taco naparraren erasoa iritsi zen eta soilik Intza Nabarro bera gai izan zen iruindarraren gurpila jarraitzeko. Ezin izan zuen Intzak luze iraun Ostizen erritmo indartsuaren menpe eta bera geratu zenean Euskadik bere aukera onena beharko lukeena aurrera bidali zuen, Irati Aranguren Carbaieda, Paula Ostiz harrapatzeko asmotan. Usurbildarrak iruindarra harrapatu eta elkarrekin ondo moldatu ziren errenta handitze aldera, lau minutu luze zabalduz. Bi euskal herritarrak elkarrekin iritsi ziren helmugaraino, Paula Ostizen erakustaldi klasikoen asmoak zapuztuz eta sprintean bai iruindarra nagusi izan zen, Arangurenentzat zilarrezko domina izanik. Atzetik, brontzezko dominaren lehian Euskadiko Selekzioa ere oso lehiakor aritu zen eta azken kilometroetan. Irati Mitxelena Arrilaga azken txanpan tropeletik aldenduta izan zen eta behin hendaiarra harrapatuta, helmuga dagoeneko usaintzen zutenean, Laida Hierro Alzola metro batzuk ireki zituen hamargarren domina eskuratzeko. Euskadiko Selekzioko gainerako txirrindulariak tropel nagusian helmugaratu ziren.
Junior mutilek itxiera eman zieten txapelketei 135 kilometrotako ibilbidearekin. Azken urteetan egin bezala Euskadiko Selekzioa lasterketa luzetik mugitzera atera zen, 10 txirrindulariak baliatuz. Lehenengo kilometroetan Aimar Marin Bustinza sartu zen ihesaldi batean baina azkar harrapatu zituen tropelak. Lasterketa erdia gaindituta, 73. kilometroan, seikote interesgarri bat osatu zen lasterketa buruan, tartean Ibai Villate Momeñe zegoela. Azkar ireki zuen tartea seikote honek, 1’40” -ko tartea izateraino 50 kilometroren faltan. Atzetik hautagai nagusiak mugitzen hasi behar izan ziren eta bertan ere Euskadiko ordezkariak izan ziren Espainiako Kopako garailearen eskutik, Hodei Muñoz Gabiña luiaondoarra. Muñozen taldea asko hurbildu zen lasterketa buruarenera baina ezin izan zituzten ihesitako txirrindulariak harrapatu. Lasterketa buruan erritmoak eta etengabeko igoerek taldea hiru txirrindularitara murriztu zuten: Marc Zafra Coronellas (CAT), Eleazar Jimenez Martinez (MAD) eta Ibai Villate bera. Hiru hauen arteko sprintak erabaki zuen lasterketa eta Villatek ezin izan zuen brontzea ez besterik eskuratu, hamaikagarren domina emanez Euskadiko Selekzioari.
BTT
BTT
EUSKAL SELEKZIOA
ERREPIDEA
ERREPIDEA
ERREPIDEA