Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

BORROKATUTAKO EUSKADIKO TXAPELKETAK

19-KOABUZTUA-KO2024

Irati Aranguren (AND) nagusitu zen Euskadiko Txapelketako lasterketan eta Euskadiko junior mailako txapeldun berria da. Ziortza Ortiz (ZAT) 23 urtez azpikoetako txapeldun berria da, Olatz Gabilondo (ZAT) elite mailakoa eta kadeteetan Ane Zubeldia (JRG).

BORROKATUTAKO-EUSKADIKO-TXAPELKETAK

(c) ETXF

Kadete lasterketak ireki zituen atzo Euskadiko Emakumezkoen Txapelketak. Apatamonasterion euriak protagonismo nagusia hartu zuen lasterketak asko baldintzatuz. Miotako lehenengo igoeran tropela batera mantendu zen arren, jaitsierak eta zoru bustiak tropela luzatu zuten eta Elorrioko kaleetan Silvia Simon Velascok (RME) tartea irekitzea lortu zuen. Axpen gora talde nagusia tenkatu zen arren batera mantendu zen beti ere Simonekiko 30-40 segundutara. Miotako azkeneko igoera erabakigarrienean Silvia Simonek lortu zuen tarteari eustea. Atzetik Zu·K Limousin taldea oso erasokor azaldu zen Naxara Odriozola Lekuonarekin eta Maixa Odriozola Aierberekin. Hauei erantzuteko atera zen Ane Zubeldia Peñagarikano (JRG) eta hiruek aurrera egin zuten Silvia Simon harrapatzeko asmoarekin. Errenta 10 segundu eskasetara jaitsi zuten arren ez ziren gai izan Rio Miera taldeko txirrindularia harrapatzeko eta garaipena berea izan zen. Hirukotearen sprintean Ane Zubeldia gailendu zen Euskadiko txapela eskuratuz Maixa Odriozola eta Naxara Odriozolaren aurretik.

 

Afizionatuen eta juniorren lasterketak ildo berdina izan zuen: euria. Tenperatura atsegina zen arren etengabeko euri jasak guztiz baldintzazu zuen txapelketa. Abiadura handiarekin hasi ziren lehenengo kilometroetan eta Miotako lehenengo pasaeraren jaitsieran tropelean haustura gertatu zen. Axpe igotzen berriz ere elkartu ziren arren, Axpeko jaitsieran Lucia Gonzalez Blanco (NES) mugitu egin zen eta Olatz Marquet Ferranekin (ZAT) batera tartea ireki zuten. Durango inguruetako biribilgune batean ihesitako bikoteak erorikoa izan zuen eta tropelak harrapatu zituen. Biribilgune berdinean tropeleko hainbat txirrindularik ere zorua jo zuten eta lasterketa guztiz txikituta geratu zen. Eromen hori aprobetxatu zuen Eulen-Nuuk taldea Miotan gora Maddi Marquet Ferranen bakarkako saiakerarekin. Maddi Marquetek bakarkako bideari ekinda zion arren Miotako jaitsierak berriz ere tropela txikitu zuen eta seikote batek Maddi Marqueten bila abiatu zen. Axpe bakarrik gainditzea lortu zuen arren azken itzulian sartuta jarraitzaile taldeak Marquet harrapatu zuen. Atzetik osatutako tropela, tartean junior mailako liderrarekin, metroak berreskuratzen joan zen lasterketa burura iritsi arte. Horrela Miotako azken igoerara bidean Abadiño Cycling Academia ahalegindu zen arren denak elkarrekin sartu ziren azkeneko igoeran. Malda goran Eulen-Nuuk taldea berriz ere saiatu zen Maite Urteaga Sorazurekin. Tontorrean 20 segundu eskuratu bazituen ere malda behera talde nagusiak segundu guztiak jan zizkion. Taldea elkartuta sprintean erabaki zen Euskadiko Txapelketa eta urte osoan zehar ikusten izan garen bezala junior txirrindulariek aurrea hartu zieten afizionatuei eta Irati Aranguren Carbaieda nagusitu zen Apattako helmugan. Bigarren Almudena Morales Perez (ABA) madrildarra sailkatu zen eta hirugarren Ziortza Ortiz Beltran de Nanclaresek (ZAT). Ortizek 23 urtez azpiko txapela eskuratu zuen eta bere taldekidea, Olatz Gabilondo Zenitagoia elite mailako txapelarekin egin zen bigarren urtez jarraian.