21-KOIRAILA-KO2025
(c) ETxF
Hasieratik amaierara sendo mantendu da Sergio Gutierrez Vargas (GOM) Lehendakari Txapelketako lidergoan. Kantabriarrak garaipena lortu zuen txapelketako lehenengo lasterketan, Oroko Andra Mari Sari Nagusian ekaina amaieran eta ordutik sendo mantendu da lidergoan 118 puntu bildu arte. Asier Castilla Pikazak (EUF) lortu du bigarren postua 103 punturekin eta bi podium eskuratuta. Maillot laranjaren lehiak emozioa eman dio azken unera arte txapelketari. Jon Conejero Lakontxak (ELE) hirugarren postua lortuta 95 punturekin laranja bereganatu du Hugo Tapizen (FSH) eta Gorka Corres Ibañez de Opakuaren (CJA) aurretik. Taldekako sailkapen nagusian Caja Rural-Alea gailendu da bederatzi lasterketetan talde onena izan eta gero.
Azken lasterketak emozioz beterikoak izan dira. Abuztuari amaiera eman zion Lehendakari Txapelketak Goierriko hitzordu bikoitzarekin. Zegamako San Bartolome Sarian Iker Perez Lucasek (CJA) erakustaldia eman zuen azken kilometroetan bakarkako bidea burututa Ergoeneko igoeran eta Barbariko igoera bikoitzan. Hurrengo egunean Loinaz Proba lehiatu zen Beasainen. Lasterketa guztiz aldagarria izan zen lasterketa buruan uneoro protagonistak aldatzen baitziren. Azkeneko txanpan Olaberriako mendatean taldetxo bat osatu zen eta bertan Pablo Lospitao Gonzalez (CJA) izan zen garailea sprint bikain bat irabazita Sergio Gutierrez Vargasen (GOM) eta Jon Conejero Lakontxaren (ELE) aurretik.
Iraileko lehenengo asteburuan Baranbiora jo zuen Lehendakari Txapelketak Garrastatxuko igoera bortitzaren erronkari aurre egiteko beste urte batez. Lasterketa exijentea izan zen, 2500 metro garaiera baino gehiagorekin eta horrenbestez, kilometroak pasa ahala tropela geroz eta txikiagoa egiten joan zen. Ekai Morras Huertak (TEL), Albert Rocak (MPG) eta Lucas Olverak (MPG) estualdian jarri zuten tropela baina Eulen-Nuuk eta Finisher taldeen lanak ihesaldia kontrolatzea lortu zuen. Garrastatxuko maldetan Finisher taldeak erakustaldia bilatu zuen tripletearen bila baina Gorka Corres Ibañez de Opakuak (CJA) ilusioak zapuztu zien Finisherrekoei eta azken kilometroan Unai Ramos Murillok (FSH) estutu behar izan zuen garaipena eskuratzeko Garrastatxun. Hurrengo egunean Urdulizen Andra Mari Sari Nagusia lehiatu zen gizon azkarrei aukera berri bat emanez. Hasierako kilometroetan ihesaldi handi bat osatu zen talde guztietako ordezkariekin Caja Rural-Aleako txirrindulariak eta Sergio Trueba liderra bera nabarmenduta. Tropelak diferentzia estu hartu zuen eta azken kilometroetan elkartuta sartu zen Elortza auzoko maldatzarrera. Inorrek ez zuen tarterik irekitzea lortu eta 20-30 txirrindulari elkarrekin iritsi ziren sprinta lehiatzeko eta abiadura azkarren maisu suertatu zen Euskadi Fundazioa taldea lehenengo hiru postuak bereganatuta. Jorge Gonzalez Xurde garaile izan zen, Alain Suarez Fernandez bigarren eta Gabriel Ibañez Beltran de Salazar hirugarren.
Azken bi lasterketak Gipuzkoako lurretan lehiatu dira. Oñati Proba menditsuak eskalatzaileei aukera berri bat eskaini zien. Aztiriko mendatean gora eta Udanako mendatean behera eraso ugari suertatu eta gero 3 kilometroetara zegoen Arregiko Mendatean Telco’m taldeko Aimar Berango Gutierrezek eta Pablo Ara Perezek eraso indartsua jo zuten eta biek elkarrekin irekitako tartea ona egin zuten helmugaraino iristeko biak garaileak talde jarraitzailea gainean zutela. Azken lasterketa Ataungo San Martin Proba izan zen. Ekainean lehiatu behar zen proba irailean lehiatu da azkenean uda hasierako euriteen ondorioz eta antolatzaileen lan onari esker lasterketa aurrera eramateko. Azken hitzorduak denboraldi hasierara gogoratzen zuen giroa izan du urtea amaitzeko eta Goierriko etengabeko gora beherak lasterketa hautsi du hasieratik. Azken kilometroetan seikote bat nabarmendu da Lazkaomendin gora eta Urkilagako igoeran Antonio Gonzalez Torresek (CJA) eta Dario Giulianok (CJA) aurrerako bidea egin dute helmugaraino, garaipena partekatuz.