Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

LEHENENGO HILABETE ARRAKASTATSUA

04-KOAPIRILA-KO2024

Gizonezkoen Euskaldun Txapelketak protagonismoa hartu du martxoan zehar emakumezkoen txapelketaren eta Euskal Herria Txapelketaren lehenengo lasterketak lehiatu badira ere. Ander Ganzabal Bilbao da afizionatuen txapelketako lider sendoa.

LEHENENGO-HILABETE-ARRAKASTATSUA

Ander Ganzabal Bilbao (LAB) garaile Gorlan Euskaldun Txapelketako lider maillotarekin.

Lehenengo hilabetea gaindituta euskal egutegia guztiz martxan dagoela esan daiteke kadete mailakoen Gaztetxoak Txapelketa hasi baino lehen. Afizionatu gizonezkoek hartu dute protagonismo nagusia ETxFren txapelketetan hilabete honetan zehar. Zumaian hasi zen Gizonezkoen Euskaldun Txapelketa ohiko lasterketa azkarra eta sprintean erabaki zenarekin. Zumaiako sprintean iaz bezala lehenengo urteko txirrindulari batek, juniorretatik igo berri den txirrindulari batek, lortu zuen garaipena. Oraingoan lasterketa Euskal Herritik kanpora joan egin zen Sergio Romeo Abad (FSH) valladolidtarraren eskuetan. Hurrengo astean mendateei, igoerei eta batez ere eguraldi txarrari ongi etorria eman zion txapelketak Ereñoko Udala Sari Nagusian. Baldintza benetan gogorrak jasan behar izan zituzten txirrindulariek Ereñon eta ihesaldiek lasterketaren erritmoa markatu zuten arren Natxituako Mendatean tropeletik jo zuen Hugo Aguilar Pestañak (CJA) ihesaldia harrapatu eta bakarkako bidea egin zuen helmugaraino.

 

Hirugarren hitzorduan iritsi zen lehenengo euskal garaipena txapelketan. Iñaki Trujillo Diazek (EIS) lehenengo bi lasterketetan erakutsitako maila ona aldarrikatu zuen Markina Xemeingo SF-Haitzasko Oroimenezkoan talde txiki bateko sprinta menderatuta. Garaipenaz gain Trujillok Euskaldun Txapelketako lidergoa eskuratu zuen. Hurrengo asteburuan hitzordua ere Lea Artibai eskualdean izan zen Berriatuako San Gregorio Sarian. Berriatuan ibilbidea gogorra bazen ere eguraldi onak ez zuen iazko haustura eragin tropelean eta mila kurbetako hiru zeharkaldiak “erosoak” izan ziren. Lasterketa Asterrikako Mendatean gora erabaki zen, behin eguneko ihesaldia harrapatuta Haimar Etxeberria Ansalasek (FSH) ona egin zuen Asterrikan gora botatako eraso gogorra eta bakarrik iritsi zen helmuga lerrora.

 

Bosgarren asteburua egutegiko hitzordu nagusienetakoa iritsi zen: Gorlara Igoera. Aurretik, larunbatean Laukiz Udal Saria lehiatu zen. Bizkaia aldean Lucas Josep Towersek (CJA) lehenengo aldiz aurten ona egin zuen ihesaldia eta bere taldekideen lanari esker garaipena eskuratu ahal izan zuen. Gorlan, 200 txirrindulariren partaidetza ikaragarriarekin tropelak eguna behar bezala hartu zuen, urteko hitzordu nagusienetako bat bezala. Hasierako ihesaldi saiakeren eta neutralizazio baten ostean lehenengo aldiz Gorla igotzen hasi zirenean Polti taldeko Pablo Gartxu Francesek erritmoa luzetik estutu nahi izan zuen aurrera alde eginez. Hautagai nagusietako bat zenaren apostu urruna tropelak erritmo biziarekin erantzun behar izan zuen eta taldea oso oso txikia geratu zen lehenengo igoeran. Jaitsieraren ostean, Zumarragara bidean iritsi zen une erabakigarria. Lasterketa buruan 20-25 lagunetako talde bat osatu zen hainbat izen indartsurekin eta bigarren taldeari 1’40” aldea atera zioten. Gauzak horrela Bergara iristean irabazlea lehenengo talde horretatik aterako zela argi zegoen. Igoeran taldea pixkanaka desegiten joan zen eta azken kilometroetara hamar txirrindulari baino gutxiago iritsi ziren lasterketaren lehian. Gorlako azken maldetan Ander Ganzabal Bilbao (LAB) izan zen erasora pasa zena. Inorrek ez zuen lortu Ganzabalen erasoari erantzutea eta ondorioz orozkoarra txapeldun iritsi zen Gorlara.

 

Gorla ostean Ander Ganzabal bera atera zen Euskaldun Txapelketako liderra eta lehiatutako azken proban, Zornotzako Udaberri Klasikoan Sergio Trueba Cagigasek (GOM) bere lehenengo garaipena afizionatuetan lortu zuen azken kilometroetan ostutako boskote baten sprinta irabaziz. Ander Ganzabal hirugarren postuan helmugaratuta txapelketaren lidergoan sendo mantentzen da eta Iñaki Trujillok maillot laranja (23 urtez azpiko txirrindulari onenaren maillota) mantentzea lortu zuen.

 

Gizonezkoen Euskaldun Txapelketak atsedena hartuko du apirilaren 20ra arte, Natxituako Sari Nagusia lehiatuko denean. Apirileko hitzordu nagusia Emakumezkoen Euskaldun Txapelketak izango du Lea Artibai Txallengean, hilaren 12tik 14ra. Otsaila amaieran kadeteen eta juniorren lehenengo proba lehiatu ostean Ainhoa Sanz Montalvo (BAQ) juniorretan eta Elena Cuenca Anabitarte (GOE) kadeteetan dira liderrak Oreretako Ane Santesteban Txirrindulari Sarian garaipena lortuta. Euskal Herria Txapelketak ere lehenengo hitzordua izan zuen martxoan, Joxe Mari Kortaren Oroimenezkoan eta Garateko Mendatean osatutako hirukoteko sprintean azkarrena izanda Ibai Villate Momeñe (ALI) da junior mutilen mailako txapelketaren lider. Euskal Herria Txapelketaren hurrengo hitzordua maiatzean izango da.