19-KOIRAILA-KO2022
(c) Oskar Matxin Edesa
Altsasuko lasterketa ihesaldi handi batek protagonizatu zuen. Ihesaldiak 5 minutu baino gehiagoko errenta eskuratzera iritsi zen eta Lizarte taldea indartsu tiraka jarri zen arte inorrek ez zuen lortu errenta jaistea. Naparren lanak aldiz bai lortu zuela ihesaldia harrapatzea, Iñaki Murua (LAB) izan zen harrapatutako azkeneko txirrindularia. Behin harrapatuta Altamirako azken igoeran eraso asko egon ziren baina inork ez zuen lortu tropeletik alde egitea. Hala ere, jarritako erritmo gogorra tropela asko hautsi zuen eta azken kilometroetan 25 txirrindularietako tropela izan genuen. Zenbait eraso gehiago izan ziren arren -tartean Iker Mintegi (LAB) etxeko txirrindulariarena- inork ez zuen tarterik irekitzea lortu eta sprintean Yanne Dorenbos (IND) herbeheretarra gailendu zen. Bigarren postua Xabier Berasategirentzat izan zen eta hirugarrena Gorka Sorarrainentzat (BAQ).
Altsasuko emaitzetik Xabier Berasategik aukera bakarra zuen Oñatin txapelketa irabazteko: lasterketa irabaztea eta Hailemichaelek lasterketa bukatu ez zezala. Oñatiko ibilbidea oso gogorra zen, sei igoerekin. Lehenengo bi igoera gaindituta Pablo Carrascosa (LIZ) zegoen bakarrik ihesita. Lierniko igoeran tropelak harrapatu zuen eta Lierni eta Barbari arteko ordekan Baque taldeak jarritako erritmo gogorrak tropela bitan banatu zuen. Aurreko tropelean Baque taldeak mendatea hasi arte erritmo gogorra jarri zuen eta horrenbestez tarte zabala eskuratu zuten, minututik gora. Barbarin gora Lizarte taldeak erritmoari eutsi zion, aurreneko tropela txikituz baina tartea handituz. Atzetik Laboral Kutxa taldea erasora pasa behar izan zen, lehenengo Iker Mintegirekin eta gero Xabier Berasategi berarekin. Aztirian gora taldetxo asko osatuta zeuden eta Mintegik eta Berasategik 35 segundotara zihoan talde batera iristea lortu zuten, Hailemichael minutu batera zihoan. Lasterketa buruan Lizarte taldeak are erritmo gogorragoa inposatu zuen Pablo Castrillorentzat erasoa prestatzeko. Castrillok erasoa bota zuenean inorrek ez zion jarraitu eta bakarrik joan zen. Jazarpenean geratu zen taldetxoan azkar jaitsi ziren arren ez ziren gai izan goraka Castrillok irekitako tartea ixteko. Azken igoeran, Arregiko Gainean, Castrillok 30 segundotako errenta ondo mantendu zuen eta helmugara bakarrik iritsi zen. Unai Esparza (EUL) izan zen bigarren Arregin gora erasoa jo eta gero. Hirugarren postua Yanne Dorenbosentzat izan zen. Berasategik azkenean 15. izan zen eta puntu bakarra errekuperatu ahal izan zion Mulu Hailemichaeli.