08-KOUZTAILA-KO2025
(c) ETxF
San Martin Probaren atzerapenaren ostean amaitutzat eman du ETxFk Euskaldun Txapelketa. Hamahiru proben ostean Aimar Galdos Alonso (EUF) suertatu da txapeldun puntu errenta handiarekin. Ermuarrak 112 puntu bildu ditu udaberrian zehar, bi podiumekin baina garaipenik erdietsi gabe. Bigarren postuan Juan Pedro Lozano Navarro (CJA) sailkatu da 49 punturekin eta bi garaipenekin Natxituako Sari Nagusian eta Lazkao Proban. Puntu kopuru berdinarekin podiuma itxi du Jon Conejero Laconchak (ELE), garaipenik eskuratu gabe Udaberri Klasikoan lortu zuen emaitza onena Conejerok hirugarren postuan sailkatuta. Taldekako sailkapenean Caja Rural-Alea gailendu da 74 punturekin Euskadi Fundazioa Taldearen (63 puntu) eta Eiser-Hirumeten (36 puntu) aurretik.
Euskaldun Txapelketa udaberriko protagonista izan da afizionatuen egutegian. Euskal txirrindulariek maila bikaina erakutsi dute hainbat garaipen lortuta. Aimar Galdos Alonsok Gorlara Igoera ostean jantzi zuen liderraren maillota. Zornotzako Udaberri Klasikoan Gorka Corres Ibañez de Opakuak (CJA) bere bigarren garaiena lortu zuen sprintean Pablo Ara Perezi (TEL) irabazita. Natxituako Sari Nagusian Juan Pedro Lozano Navarro izan zen indartsuena ibilbide malkartsuan eta Bedaroan gora erasoa jo ostean bakarrik helmugaratu zen garaile. Eusebio Velez Garaikurrean, Duranan, abiadurak ez zuen huts egin eta Gatzagako mendateak tropela txikitu bazuen ere sprinta izan zen Duranan eta bertan Adria Regada Hierro (CJA) izan zen azkarrena.
Duranako abiaduratik Lazkaoko etengabeko gora beheretara jauzia egin zuen txapelketak apirila ixteko. Bertan Juan Pedro Lozanok beste indar erakustaldi bat emanda Gari Ugarte Larrearen (EUF) aurretik sailkatu zen egun osoan biak elkarrekin ihesaldian egin eta gero. Azken hiru lasterketak maiatza amaieran eta ekaina hasieran lehiatu dira. Gasteizko Proba berritzaileak ibilbide luzea (160 kilometro) eta haizearekin jolasean ibiltzeko aukera plazaratu zuen. Mendaterik gabeko ibilbidean lasterketa zeharo ezberdina izan zuten tropeleko txirrindulariek lehiatzeko. Sprinta aurreikusi baliteken arren Alberto Fernandez Reviejok (CJA) tartea ireki zuen azken kilometroean eta bakarrik helmugaratuta besoak altxatu zituen Gasteizen.
Seguran lehiatutako Euskadiko Txapelketa azken aurreko hitzordua izan zen ere Euskaldun Txapelketan. Dozenaka mendate eta igoera izan zituen lasterketan jaitsierek igoerak baino gehiago erabaki zuten eta azkenean Mikel Uncilla Aldasorok (CJA) irabaztea lortu zuen Alejandro del Cid Martinen (GOM) aurretik. Lehiatutako azken lasterketa Done Pedro Sari Nagusia izan zen Irunen. Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia artean diseinatutako ibilbidean eguneko ihesaldiak bidea egin zuen. Tropelean antolakuntza faltak errenta 5 minututaraino iristea eragin zuen eta San Martzial eta Erlaitzen gora Finisherrek estutu bazuen ere Iker Trigo Hernandezek (RBX) bere igotzaile doaiak bikain baliatu zituen Erlaitzen gora bakarrik alde egiteko eta Irunera arteko bidea bakarrik egiteko garaipena eskuratuz.