Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

DIEGO RUIZ DE ARKAUTE ETA IÑAKI MURUA EUSKADIKO TXAPELDUNAK

10-KOEKAINA-KO2024

Eusebio Velez Garaikurra etxean geratu zen Diego Ruiz de Arkaute Diaz de Aldaren (RDX) eskutik. Gasteiztarra 40 kilometroren faltan osatutako ihesaldi baten sprinta irabazita gailendu zen.

DIEGO-RUIZ-DE-ARKAUTE-ETA-INAKI-MURUA-EUSKADIKO-TXAPELDUNAK

(c) ETXF

Ez-ohiko irudia utzi digu asteburuak Euskaldun Txapelketan. Eusebio Velez Garaikurra Euskadiko Afizionatuen Errepide Txapelketa izan da aurten eta egoerak merezi zuen bezala, Duranako Txirindulari Taldeak 160 kilometrotako ibilbide luzea eta erakargarria prestatu zuen. Hiru aldiz igo beharko zuten txirrindulariek Arlabango Mendatea, azkena 14 kilometroren faltan.

 

Ibilbide hain luzeak iragarri egiten zuen lehenengo kilometroetan ihesaldi batek hartuko zuela protagonismoa. Horrela izan zen eta irteera erreala eman orduko suertatutako eraso batean osatutako boskotea aurrera egiten hasi zen. Bertan zeuden Mikel Irigoien (EIB), Adrian Martinez (LAB), Jaime Espinosa (LAT), Martxel Etxeberria (CJA) eta Jose Mañeru (ELE). Ihesaldiak aurrera egiten zuen bitartean tropelak lasaitasun handiarekin hartu zituen hasierako kilometroak eta horrela iritsi zen boskotea ia 7 minutuko errenta izatera. Arlabango bigarren igoeran tropelak erreakzionatu zuen eta Telco’m taldea lehenengo eta Eiser taldea geroago erritmoa markatzen hasi ziren errenta beheraka eramanez. Azken 40 kilometroetan sartzean, Arkaute inguruetan harrapatu zuen tropelak ihesaldia eta orduan, haizeak lagunduta, abiadura handiko kilometroak hasi ziren. Tropel buruan talde gehienek ihesaldi berri bat osatzea nahi zuten eta horrela lan egin zuten gertatu arte. Landako urtegi inguruan 17 txirrindularietako talde batek aurrera egin zuen eta atzean Finisher taldeari egokitu zitzaion kontrol lanak egitea.

 

Gatzagan behera, Arlabango azken igoerari ekin aurretik hiru txirrindulari nabarmendu ziren ihesalditik: Gorka Corres (CJA), Iñaki Trujillo (EIS) eta Diego Ruiz de Arkaute (RDX). Arlabanen gora berriz ere ihesaldia batu egin zen eta atzean Finisherrek tiraka jarraitzen zuten arren ez zuten lortzen aurrekoen errentari koxka definitiborik ematea. Arlaban gaindituta ihesaldiak 40 segundutako tartea mantentzen zuen eta 10 kilometro besterik falta ez zirenean, Landatik pasatzean, tropelak erritmoa mantsotu zuen eta ihesaldiari arnas ufada definitiboa eman zion. Ihesaldian geratzen ziren 14 txirrindulariek sprinterako hautua hartu zuten ez zelako eraso saiakerarik izan Arlabango tontorretik helmugara arte. Sprintean Diego Ruiz de Arkaute Diaz de Alda gailendu zen Isaac Gracia  Berroaren (GOM) aurretik. Euskadiko Txapelketari dagokionez, lasterketa irabazita Ruiz de Arkaute izan zen 23 urtez azpikoen txapeldun, Aimar Alarcia Kintano (EUL) azpi-xapeldun eta Aitor Agirre Egaña (LAB) hirugarren.Elite mailan Iñaki Murua Carrasco (LAB) gailendu zen Alex Diaz Alvarezen (CJA) eta Ander Ganzabal Bilbaoren (LAB) aurretik.

 

BESTE BERRI BATZUK