Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

LIZARTE GORLAN NAGUSI

29-KOMARTXOA-KO2022

Lizarte taldeak erakustaldia eman zuen Gorlara Igoeran eta Pablo Castrillok, Jakako txirrindulariak eskuratu zuen garaipena. Seguran Cristina Pujolek irabazi zuen eta Markinan Xabier Berasategik.

LIZARTE-GORLAN-NAGUSI

(c) Txirrindulariak

Asteburu ikusgarria bizi izan dugu Euskaldun Txapelketaren baitan ospatu diren hiru probetan. Larunbat goizean Emakumeen Segurako III. Saria leihatu zen. Bi lasterketa leihatu ziren, lehenengoa kadete eta junior mailako lasterketa izan zen. Lasterketa Lierniko igoerak markatu zuen, bertan tropela luzatu eta Melanie Dupinek (STM), Saioa Organbidek (LAC) eta Irati Arangurenek (AND) alde egin eta helmugaraino iritsi ziren, garailea Dupin izan zen. Bigarren lasterketa elite eta 23 urtez azpiko txirrindularientzat leihatu zen. Hasierako kilometroetan Cristina Pujolek (ZAF) bakarrik alde egitea lortu zuen eta tarte zabala irekita egun osoa egin zuen lasterketa buruan. Atzean tropel oso txikia izanda inor ez zen gai izan jazarpena antolatzeko eta soilik Pujolen taldekidea den Erika Milana Boterok lortu zuen txirrindulari kataluniarra harrapatzea. Biak elkarrekin sartu ziren helmugan, garaipena Pujolentzat izanda. Laugarren postua lortuta Irantzu Beloki da Euskaldun Txapelketako lider berria.

Larunbat arratsaldean Markina-Xemeinen SF-Haitzasko Oroimenezkoa ospatu zen. Ibilbide ikusgarri eta gogorrean hasierako kilometroetan sortutako ihesaldi batek izan zuen protagonismoa kilometro askotan. Atzean tropelean batez ere Laboral Kutxa taldeko txirrindulariek lan egiten zuten. Azken bi mendateetan (Lekoitz Gane eta Gontzagarigane) tropela asko hurbildu zitzaien ihesitako txirrindulariei. Lekoitz Ganen tropeletik Xabier Berasategi (LAB), Enekoitz Azparren (LAB/Lider) eta Unai Esparza (EUL) joan ziren eta lasterketa burura iritsi ziren, haiekin ihesaldian ibilitako Diego Uriarte (LIZ) joan zen. Lauak elkarrekin iritsi ziren Markinako helmugara eta sprintean Xabier Berasategi nagusitu zen Azparrenen eta Esparzaren aurretik.

Igandean Euskaldun Txapelketako lasterketarik sonatuenetakoa leihatu zen, Gorlara Igoera. Hasierako kilometro lauetan saiakera ugari egon ziren arren, tropelak ez zuen onartu Gorlarako lehenengo igoerara inor alde eginda iristea. Lehenengo igoera hastean Lizarte taldeak erritmoa jarri zuen eta inor ez zen gai izan erasorik botatzeko, tontorrean tropelean 30-35 txirrindulari besterik ez ziren. Bigarren igoera hasi bitartean Lizarteko txirrindulariek jarraitu zuten tropela kontrolatzen, Deskarga gainditzean Jan Castellon (CJA) eta Yago Segocia (GOM) saiatu ziren ihes egiten eta 20 segundo izatera iritsi ziren arren, Gorlako bigarren igoera hasieran Lizarteko txirrindulariek harrapatu zituzten. Igoeran Lizartek erritmo gogorra jartzen jarraitu zuen eta igoera erdialera erasoak hasi ziren, lehenengo Sinuhe Fernandez (LIZ) izan zen eta jarraian Pablo Castrillok (LIZ) eraso gogor batekin alde egitea lortu zuen. Atzean Telco’m taldeko José Marín eta Gomur taldeko Alejandro Franco eta Angel Coterillo saiatu ziren  aldea murritzen baina ezin izan zuten, gehien bat Sinuhe Fernandezek egiten zuen kontrol lanagatik. Helmugan Pablo Castrillo izan zen nagusi Sinuhe Fernandezen eta José Marínen aurretik. Lider Enekoitz Azparrenek jarraitzen du.

BESTE BERRI BATZUK