17-KOIRAILA-KO2023
Lehendakari Txapelketako podiuma.
Oñatik beti zapore gazi-gozoa uzten digu, txirrindularitza (apur bat) ahazteko oporraldiaren zapore gozoa badagoen arren, amaiera guztiek duten zapore mikatza ere badu urteko azkeneko lasterketak. Ostiral-larunbat asteburu honek protagonismoa ihesaldiei eskaini die. Altsasun Altamirara hirugarren igoeran egindako ihesaldi batek helmugaraino iristea lortu zuen. Bertan Guillermo Thomas Silva Coussanek (CJA) Iñaki Murua Carrascoren (LAB) ilusioak zapuztu zituen azkeneko 50 metrotan. Oñatin ordea ihesaldia azken maldan harrapatuta izan zen txirrindulari indartsuengatik. Egun osoan zehar bi ihesaldi nagusi izan ziren, bigarrenean Aimar Erostarbe Ugarte (BAQ) eta berriz ere Iñaki Murua balentria lortzear izan ziren. Edonola ere eguneko bi ihesaldietan Erostarbe eta Xabier Cerro Diaz (BAQ) Baque taldearen maillota azken aldiz dirdira egitea lortu zuten.
Baque taldea 48 urtez euskal txirrindularitzaren erroa izan da eta bereziki afizionatu mailan, sustengu handia. Orain, azkeneko aldiz dirdira egin duen honetan, hainbeste urteetan lanean izan diren horiei gorantziak eskainiz, ezin dugu ahaztu bidean denek izan duten aldarria; pasioa baita hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori eta horrela lortuko dugulako haria ez dadila eten.
Hariari jarraipena emango diote Lehendakari Txapelketako postu gorenetan sailkatu diren txirrindulariek. Ander Ganzabal Bilbao (LAB) 149 punturekin txapeldun izan da, bigarren postua eta 23 urtez azpiko garaile izanda, Iñaki Diaz Melero (LAB) sailkatu da 106 punturekin. Podiuma 98 punturekin Dylan Westleyek (FSH) itxi du. Julen Arriolabengoa Beitia (CJA) izan da garaipen gehien lortu dituen txirrindularia eta Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa talde onena izan da.
Puntu bilketaz haratago, gaur ere hainbat txirrindularien kirol ibilbidea amaitu da. Euskadiko Txirrindularitza Federazioak, guzti horiei, gure eskerrik onena eman nahi die hainbat urteetan gure kirolari eskaini dioten arduragatik eta pasioagatik. Berriz ere elkar ikusiko dugulakoan, amaitu da 2023ko afizionatu denboraldia.