14-KOABUZTUA-KO2023
(c) Martin Early
Azken urteetan euskal txirrindularitzako udako protagonista nagusia Lehendakari Txapelketa izan da. Aurtengo edizioko lehenengo hilabetean sei lasterketa leihatu dira: Murgia, Antzuola, Villatuerta, Gatzaga, Oiartzun eta Muxika. Borroka handia izaten ari da bai lasterketa bakoitzean eta baita txapelketa beran ere. Horren adibide da sei lasterketetan sei irabazle ezberdin izan direla eta lidergoagatik borrokatzen ari diren txirrindulariek oraindik ez dutela garaipenik lortu.
Murgian leihatutako Oroko Andra Maria Sarian Julen Arriolabengoa Beitiak (CJA) garaipena eskuratu zuen Jan Castellon Ribalta taldekidearen aurretik. Hurrengo egunean Antzuola Sarian Nicolas Alustiza Goenagak (LAB) urteko laugarrren garaipena eskuratu zuen talde txiki baten sprintean. Jarraian txapelketa Lizarraldera mugitu zen eta Robert Innova Sarian Diego Uriarte Belzunegik (FSH) erakustaldia emanez garaipena eskuratu zuen eta Ander Ganzabal Bilbao (LAB) bigarren postuarekin lidergora iritsi zen. Hurrengo egunean Laboral Kutxa taldeak Gatzagako Dorletako Ama Saria konkistatu egin zuen Iker Trigo Hernandezekin, Iñaki Diaz Melerorekin eta Iñaki Murua Carrascorekin podiumeko hiru postuak hartuz.
Ospatutako azken bi lasterketak abuztu hasieran izan dira. Oiartzungo Xanisteban Saria zinez ikusgarria izan zen bildutako jendetzagatik eta laterketaren intentsitateagatik. Bertan garaipena Haimar Etxeberria Ansalasentzat (EOL) izan zen azken sprintean gainerako tropelkideak gaindituz. Muxikan Unai Aznar Vijuescak (FSH) beroari gailendu zitzaion eta kanporaketa lasterketa bat bailitzan San Roman Saria eskuratuu zuen nafarrak.
Sei lasterketa hauetan garaipen guztiak euskaldunentzat izan dira eta lasterketen partaidetzaren bataz bestekoa 161,6 txirrindularietakoa izanik hasiera arrakastatsu bezala ondorioztatu dezakegu. Sailkapen nagusiari dagokionez Ander Ganzabal Bilbao dugu lidergoan 61 punturekin, bigarren postuan eta lehenengo 23 urtez azpiko txirrindularia Ben Houlihan (EIS) da 47 punturekin eta podiuma Raul Bastida Natividadek (TEL) ixten du 43 punturekin.