202025
Junior mutilen laukotea. (c) Koldo Zuazaga
Aste santu bikaina izan da Euskadiko Selekzioarentzat Mallorcako Illes Balears belodromoan. Euskaldunek guztira 14 domina bereganatu dituzte, horien artean urrezko zortzi domina. Osteguneko sailkatze proben ostean ostiralean lehenengo dominak iritsi ziren. Goizeko saioan Irati Mitxelena Arrilaga izan zen lehen txirrindularia domina eskuratzen brontzea lortuz junior mailako bakarko abiadura proban. Arratsaldean bakarkako jazarpen probak lehiatu ziren eta aurreko urteko munduko junior txapelketetan estatuko errekorra lortu eta gero, Eñaut Urkaregi Sanzek urrea eskuratu zuen txapelketetan. Izaro Etxarri Aranburuk ere proba ona burutu zuen eta podiumeko hirugarren postura igo zen junior mailan. Etxarrik pedalkada onarekin jarraitu zuen eta hurrengo proba, Scratcha, irabazi egin zuen urrezko bigarren domina lortuz. Maialen Narbona Bilbaok ere Scratch ona burutu zuen kadeteetan brontzea eskuratuta. Arratsaldea ixteko Eñaut Urkaregi Sanzek beste erakustaldi bat eman zuen bakarkako saioetan eta kilometro proba bereganatu zuen.
Hirugarren jardunaldian taldekako probek izan zuten protagonismoa. Goizeko saioan final laurdenak eta final erdiak gaindituta Naiara Espinosa Angulo, Izaro Etxarri Aranburu eta Irati Mitxelena Arrilaga juniorrek talde abiadura proba irabazi zuten. Aimar Capdequi Justek, Unai Moran Aranzabalek, Urko Nazabal Elolak, Eneko Ugartemendia Parrak eta Eñaut Urkaregi Sanzek osatutako junior mutilen taldeak ere emaitza bikainak lortu zituen talde abiadura eta talde jazarpen probetan zilarra eta urrea lortuz. Kanporaketa saioek larunbateko jardunaldia itxi zuten Eñaut Urkaregi Sanzen laugarren urrezko domina ekarrita. Urkaregik proban ondo gailendu zen Iñaki Lopez Rey naparraren aurretik.
Gaur, berpizkunde igandez, itxi dira txapelketak keirin eta puntuaketa probekin. Puntuaketan Maialen Narbona Bilbao kadeteak urrezko domina eskuratu zuen. Bigarren postua lortuta, lehenengoarekin puntuetan berdinduta, azkenean epaileek lehen sailkatua kanporatu eta Narbonari eman diote txapelketa. Junior nesketan Izaro Etxarri Aranburuk zilarrezko domina lortu du buruz-buru urrezko dominaren borrokan. Junior mutiletan erakustaldia etorri da 1-2 lortuta Eñaut Urkaregi Sanzek bere bosgarren urrea lortuta eta Unai Moran Aranzabalek zilarra jantzi du. Junior mutilek selekzioaren hainbat aukera jorratu dituzte Axular Aldazabal Urienekin lehenengo, gero Unai Moran Aranzabalekin eta azkenean Eñaut Urkaregi Sanzek asteburuko azken indar erakustaldia emanda urrea janzteko. Emaitza bikain honekin Euskadiko Selekzioak domin-zerrenda bereganatu du junior mailan.
PISTA
PISTA
FEDERAZIOA
PISTA
FEDERAZIOA
PISTA