Facebook Twitter Youtube Instagram Español | Euskera

EUSKADIKO TXAPELDUNEN ASTEBURUA

032025

Asteburuan zehar 20 Euskadiko Txapeldun berri izendatu dira lehiatutako lau txapelketetan. Emakumezkoen errepide txapelketan Aroa Gorostiza eta Ayala Serrano txapeldun izan ziren eta mendi bizikletan Magali Albisu eta Eneko Olveira dira txapeldun berriak.

EUSKADIKO-TXAPELDUNEN-ASTEBURUA

(c) Martin Early

Atsedenik gabeko asteburua izan da euskal egutegian. Denboraldiaren muinean sartuta Euskadiko 20 txapela banatu dira lurralde osoan zehar antolatutako lau txapelketetan. Larunbat goizean mendi bizikletako txapelketa ospatu zen Abadiñon. Bertan Master mailetako txirrindulariek ireki zuten txapelketa. Iñaki Carro Meabe (SCB) lasterketaren jaun eta jabe izan zen eta Master 30 mailako txapeldun izan zen. Master 40tan Alexander Ordeñana Etxebarria (BAB) gailendu zen txapelketan Igor Garcia Gorositori (ALN) hiru segundu aterata eta Master 50-60 mailan Jose Luis Iñorbe Agirre (OTZ) izan zen txapeldun. Kadeteetan Maider Lorenzo Alonsok (OCC) lasterketa menderatu zuen irteeratik helmugara eta mutiletan Marco Gonzalez Santosen (MMZ) eta Andoni Villateren (CFO) arteko lehia bigarren honen alde egin zuen azkeneko itzulian. Junior nesketan Ane Zubeldia Peñagarikanok (JRG) lasterketa guztiz menderatu zuen bezala junior mutiletan hiru txirrindulariren arteko lehia estua izan zen. Peio Munduate Aizkorreta (JRG) bere taldekide Jokin Pozo Puyrekin eta Ander Mendizabal Garaterekin (CFO) lehia estua mantendu zuen eta azken itzulian nabarmenduta besoak altxatu zituen lezotarrak txapela buruan janzteko. 

 

Maila nagusietan junior mailako gidoi berdintsua izan zen. Emakumezkoetan Magali Albisu Etxebeste (JRG) gailendu zen eta gizonezkoetan lehia JRG-Norclamp OTXE taldeko Eneko Olveira Rodrigoren alde joan zen. Olveirak azken itzulira arte Unax Galan Cortazarren (EIM) eta Gexan Albisu Etxebesteren (JRG) erasoaldia kudeatu behar izan zuen. Azken itzulian sartuta Olveirak erritmoa estutu eta atzean utzi zituen bere aurkariak.

 

Arratsaldean Sopelan emakumezkoen Euskadiko Txapelketak lehiatu ziren. Kadete mailan Noa Vega Bilbao (BAQ) izan zen indartsuena Sopelako helmugako maldan jo eta gero. Azpi-txapeldun Maialen Narbona Bilbao (PGA) izan zen hirugarren postua lortuta eta laugarren postuan helmugaratutako Regina Gonzalez Somarribak (PGA) osatu zuen podiuma. Open lasterketan hiru txapela banatu ziren: juniorrena, 23 urtez azpikoena eta eliteena. Lasterketa lasai joan zen hirugarren eta azken itzulira arte. Azken itzulian tropelak abiadura estutu zuen eta 17 txirrindularietako talde batek aurrera egin zuen. Unbeko azken igoeran Laia Puigdefabregas Ariz (VPQ) naparrak erasoa jo zuen eta bakarrik alde egin zuen tarte nabarmena irekiz helmugara arte. Talde nagusian lasterketaren hirugarren postua lehiatzearekin batera hiru txapelen lehia izan zen azken kilometroetan eta sprintean Irati Araguren Carbaieda (AND) nagusitu zen junior mailako txapela eskuratuz, Ayala Serrano Manso (RME) bosgarren izan zen, 23 urtez azpiko txapela eramanda eta eliteetan lehenengo euskotarra Aroa Gorostiza Ulloa (EUL) izan zen, zazpigarren postuan.

 

Kadete neskek, kadete mutilekin batera errepideko beste hitzordu bat izan zuten igande arratsaldean Bergaran bakarkako erlojupeko txapelketaren lehiarekin. Nesketan Naxara Odriozola Lekuona (ZKL) izan zen azkarrena ibilbidearen 7 kilometroetan eta mutiletan Ieltxu Santana Ibañezek (INV) markatu zuen denborarik onena 10’32” -ko denborarekin, 130 ehuneko aterata bigarren sailkatuari, Aimar Ugarteburu Elgarrestari (ZAT). Infantilek ere hitzordua izan zuten txapelak borrokatzeko Arroiaben. Gynkanetan Uxue Santana Ibañez (ITU) eta Izei Ferrero Pagaldai (DUG) gailendu ziren eta iraupen probako 20 kilometroetan Xabier Goienetxe Eskibel (URD) eta Uxue Santana Ibañez (ITU) izan ziren azkarrenak.